Arabako Foru Aldundiari eta ADIFi hainbat eskaera bideratu dizkie Udalak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 22a

Ezohiko osoko bilkura.

Ezohiko osoko bilkura egin zuten astelehenean Aramaion, "presazko" hiru puntu jorratzeko. Hirurak aho batez onartu zituzten.

Hauek izan ziren ezohiko osoko bilkuran landutako gaiak: Udalak beste behin eskaera egitea Arabako Foru Aldundiari Kuatrobientos baserrirako bidea diseinatu eta exekutatzeko; Aramaioko Udalak Burdinbide Azpiegituren Kudeatzaile ADIFi eskatzea egin behar dituen desjabetzeak burutzeko eta lanak exekutatzeko; eta Arabako Foru Aldundiak zehaztutako Untzilla auzorako proiektuan, A3920 errepide zatian, ez exekutatzea bide zati hori, "bide segurtasunetik aparte, oinezkoen segurtasuna bermatzen ez den momentutik".

Hiru puntuak aho batez onartu zituzten eta Asier Agirre alkateak zehaztu zuen hirurak daudela lotuta 2009an izan zen lur-jausiarekin –ondorioz, orduan, epe batez errepide nagusia itxi eta beste bide bat egokitu behar izan zuten–.

Kuatrobientosetik irteera

Lur-jausiaren ondorioz, Kataiako bidegurutzea aldatu egin behar izan zuten, eta Kuatrobientos baserrirako irteera A2620 errepidera orduan utzi zuten bezala, duela 15 urte zegoen bezala, jarraitzen duela esan du alkateak: "Guk ulertzen dugu Arabako Foru Aldundiaren ardura dela; izan ere, barrura sartzen den errepide zatia Arabako Foru Aldundiarena da, eta errepide nagusia ere bai. Hori ez da Udalaren ardurakoa, haiena da, eta ez da leku segurua. Orduan, Errepide Sailak behar dituen hobekuntzak egin beharko dizkio". Gaineratu du zubia konpondu behar dutenez eta ADIFeko obra egin behar dutenez, hitz egiten dabiltzala, gune hura ez uzteko dagoen egoeran.

Desjabetzeak eta lanak

2009an errepide nagusian izan zen lur-jausiaren ondorioz erabili zen bide alternatibo horretarako proiektu bat ere egin zuten, eta, hain zuzen ere, lur batzuk desjabetu eta lanak exekutatzeko eskaera ADIFi egitea ere onartu zuten. Izan ere, "oraindik gauza batzuk egiteko daude", esan zuen alkateak.

Untzillarako bidea

Azkenik, Aretxabaleta eta Untzilla artean dagoen A-3920 errepide zatia izan zuten berbagai, Untzilla zeharkatzen duen errepidea hiru erreikoa egin nahi dutelako, alkatearen esanetan: "Gaur egun zazpi metro inguruko asfaltoa baldin badago gutxi gorabehera errepide horretan –bi noranzko–, bihurtu nahi dute hamabost metro inguruko asfaltatua, egungoaren bikoitza. Errepidean orain bihurgune handi bat dago, eta, lan horiek eginez gero, bihurtuko litzateke errepide erdi-zuzen bat. Ondorioz, autoak 100 kilometro orduko abiadura baino handiagoan pasako dira handik. Ez dauka inongo zentzurik. Gainera, abiadura murrizteko ia 100 metroko errepide bat markatu eta errepidea zabaldu, eta auzo hori guztia apurtu egingo litzateke". Beraz, gaineratu zuen hori aldatzeko eskatu dietela Errepide Sailari eta ADIFi. "Esaten duten moduan joan behar badu, eskatzen dugu bertan behera utz dezatela proiektua eta Errepide Saileko zatia ez dezatela exekutatu". Oinezkoendako segurtasuna bermatu nahi dute eta dio "horrelako errepide handi baten beharra ez dago auzune batean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak