Kazetaritza Multimedia masterra ikasten diharduzu; betidanik izan duzu kazetaritzarekiko zaletasuna?
Bai, aspalditik gustatzen zait kazetaritzaren mundua. Txikitatik izan ditut beste amets batzuk; esaterako, albaitaria eta fisioterapeuta izatea, baina kazetaria izatea ere bada betidanik izan dudan nahia.
Bazegoen gorroto zenuen ikasgairik?
Unibertsitateko ikasketetan hasi aurretik gehien gorroto nituen ikasgaiak Matematika eta Ingelesa ziren. Ez zitzaidan gustatzen ez bata ez bestea, eta ez nintzen batere ondo moldatzen ikasgai horietan.
Kazetaritzaren esparrua zabala da; badago bereziki gustuko duzun kazetaritzaren alorrik?
Gustatzen zait kamera aurrean egotea eta jendeari azaltzea zer gertatzen ari den. Hori dela eta, inoiz pentsatu izan dut gerrako berriemaile izatea. Hala ere, nire nahia eta ametsa kirol kazetaria izatea da. Are gehiago, inoiz pentsatu izan dut gaur egun ikasten ari naizen master honen ondoren zerbait gehiago ikastea, kirol kazetaritzara gehiago hurbiltzeko asmoz.
Bizitza osoan kirol bakarreko kazetari izan beharko bazenu, zer kirol aukeratuko zenuke eta zergatik?
Gazteagoa nintzenean saskibaloian jokatzen nuen, baina, kazetaritzari dagokionez kirol bakar baten lan egin beharko banu, futbola izango litzateke nire aukeraketa. Etxean gehien kontsumitu dudan kirola izan da betidanik; eta, gainera, aitak ere gustuko duenez, partiduak harekin komentatzeko eta ikusteko aukera izan dut beti, eta horrek futbolarekiko interesa piztu zidan txikitan.
Kirolaz gain, zer beste zaletasun dituzu?
Hasteko, marraztea izango litzateke nagusia. Betidanik izan dut gustuko artearen mundua; txikitan marrazketa eskoletara joaten nintzen, eta horregatik erabaki nuen Batxilergo Artistikoa ikastea. Gero, musika entzutea, bideojokoetan aritzea eta irakurtzea ere gustuko ditut. Asko gustatzen zait etxean musika entzutea, eta egunean pare bat orduz jartzen dut. Gainera, bideojokoetan nabilenean musika jartzen dut, eta, modu horretara, biak uztartzen ditut. Irakurketari dagokionez, eguneroko errealitatetik aldentzeko beharra dudanean gustatzen zait liburuaren aurrean jartzea.
Azkenaldian bidaiatzeari gustua hartu diozula esaten duzu; egin dituzun bidaietatik zer toki nabarmenduko zenuke?
Ez naiz askotan bidaiatu duen horietakoa. Gurasoen lanagatik ez dut aukera handirik izan. Azken urteetan, baina, ahizparekin eta lagunekin bidaiatzeko aukera izan dut, eta, toki batzuk nabarmentzekotan, esango nuke Granada (Espainia) eta Erroma (Italia) direla nire gustukoenak. Oso toki politak iruditu zaizkit biak, eta historiaz josita daude, gainera. Aipatu ditudan bien artean Erroma aukeratuko nuke; izan ere, historikoki eta arteari zein eraikinei dagokienez asko gustatu zitzaidan; museoak ikusten eta bisita gidatuak egiten asko ikasi nuen. Ahizparekin egindako lehen bidaia izan zen, gainera, eta orduko oso oroitzapen onak ditut.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Pasta carbonara erara.
Abesti bat? Pignoise taldearen Sueños.
Pelikula bat? Zodiac.
Bidaiatzeko toki bat? Italia.
Ikusteko kirol bat? Futbola.
Aramaioko toki bat? Andramari.