Martxan da bide publikoen ordenantza berritua: baimenak, tasak eta fidantzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 16a

Arangioko pista orokorra. (Argazkia: Aramaioko Udala).

2026ko urtarrilaren 1etik indarrean dago udal baso-bide publikoen ordenantza berria. 90eko hamarkadatik datorren ordenantza aztertu eta berritu egin dute, eta hainbat faktore zehaztu; batik bat, baso-bideetatik igarotzen diren ibilgailuek eragindako kalteak identifikatzeko fidantzak eguneratu egin dituzte. Batetik, mendiko egur-pilaketa parkeak identifikatu eta legeztatu egin dituztela adierazi du Aramaioko alkate Asier Agirrek: "Zortzi parke zehaztu dira herrian, denak ordenantza berarekin. Orain arte, gertatzen zena zen bi parke zeudela ordenantzaren barruan. Horiei tasak eta fidantzak zehazten zitzaizkien eta besteei ez, eta eremu horietan zerbait kaltetzen bazen, Udalak ez zuen gaitasunik erantzulea aurkitzeko". Horregatik, asmoa da tasa horiekin zortzi parkeak mantentzea.

Halaber, orain arte, fidantzek prezio itxi bat zuten, baina bidearen zoladuraren eta egin beharreko distantziaren araberako kalkulua egingo dute eta horren araberako fidantza ordaindu beharko dute: "Fidantza proportzionala jarriko dugu, kalteak baldin badaude horiek estaltzeko".

Baimen eskaera egin behar

Aramaioko alkateak azaldu duenez, udal-bide eta egur-pilaketa parkeak legalizatzeko beste neurrietako bat da Udalean baimena eskatzea: "Zurgileek askotan egurra udal-bidean bertan kargatzen dute, parkeetara eman beharrean. Kamioi batek behar badu bere partzelatik atera eta karga bide publikoan egin, Udalean baimena eskatu behar du. Udalak emango dio baimena edo ez, eta Udalak zehaztuko dizkio ordutegiak eta bestelako baldintzak. Modu horretan, jarraipena egingo zaio". Dena den, baimenak eta tasak bide publiko horiek erabiltzen dituzten herritar guztiek eskatu eta ordaindu beharko dituzte.

Agirrek azaldu du 2024an Udalak 60.000 euro baino gehiago gastatu zituela udal-bideen konponketa eta hobekuntzan, eta bide erabilpenen tasetan 12.000 euro "bakarrik" jaso zituztela; parkeetako tasetan, 840 euro. "Udalarendako bideak zaintzea oso garestia da. Horregatik, erregulatu egin nahi da, jendeak kontzientzia gehiagorekin erabili ditzan bideak. Diru-bilketa ez da askorik igoko, baina kontrol zehatzagoa izango da".

Etxanbietako pista orokorra.

Erabilera, foru arauak arauta

Horri lotuta, Arabako mendi publikoen erabilpenak zehaztuta ditu foru arau batek. Agirrek azaldu du arau horren barruan daudela sartuta Aramaioko 200 hektareatik gora, hala nola Asentzio, Ganborralde, Durakogain, Orixol, Arangio, Ipizte eta Tellamendi inguruak. Debekatutako ekintzen artean daude, besteak beste, udal jabetzako lurretan ibiltzea ibilgailu eta motorrekin: "San Adriango ermita, adibidez, babestuta dago, eta ezin da autoan ibili gora eta behera. Motorrak ere ibiltzen dira gure mendietan. Kontuan izan behar da ibilgailuek lurrean erosioa egiten dutela eta urak kalte asko eragiten duela. Jendeak ez daki ezin dela ibili ibilgailuekin edozein lekutan".

Foru arau horiek ez betetzeagatik AFAk edo eraintzak isunak jarri ditzake; udalak, udal-bideak eta egur-pilaketa parkeak egoki ez erabiltzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak