Urteberriko bertso saioa egin zuten atzo Aramaioko kultur etxean Aramaioko bertso-eskolak eta Udalak antolatuta. Urteroko zita da eta gorriz markatuta dute Aramaioko zein inguruko bertsozale eta bertso-eskoletako kideek, eta ia bete egin zuten aretoa.
Aktualitate biziko gaiak izan zituzten ahotan bertsolariek Peru Abarrategi aramaioarrak hala eskatuta. Horien artean izan ziren, esaterako, urtarrilaren 19rako iragarrita dagoen Blue Monday eguna, gaur arratsalderako Sare Herritarrak Bilbon deituta duen manifestazioa, Aramaion zabaldu berri duten RK gaztetxea, negu gorrian kalean bizi direnei aterpea emateko Iruñeko Katakrak-ek abiatu duen ekimena edo Korrika, beste behin, ez dela Aramaiotik pasako.
Aramaioko bertso-eskolako Iraide Onaindiari egokitu zaio aurten Urteberriko bertso saioan trebatutako bertsolariekin aritzea. Urduri hasi zen, baina publikoaren eta oholtzako hiru kideen babesarekin heldu zen saio amaierara.