Urtarrilaren 15ean irekiko dute txotx denboraldia Iturrieta sagardotegian

Eki Letona Erretolatza 2026ko urtarrilaren 8a

Arabako sagardotegiek urtarrilaren 15ean egingo dute txotx irekiera. Aurten, irekiera ofiziala Trebiñu sagardotegian izango da, goizean. Aramaioko Iturrieta sagardotegiak eguen horretan bertan, arratsaldean, zabalduko ditu kupelak. Iturrietako Juanjo Peciñak adierazi du aurtengo uzta emankorra izateaz gain,  "oso ona" datorrela.

Aurtengo txotx hasiera iazko denboraldikoa baino lasaiagoa eta pribatuagoa izango dela adierazi du Peciñak: "Herriko lagunak eta gonbidatuak egongo gara txotxean; ekitaldi xume bat izango da, bertsolariekin eta protagonista den, sagardo dastaketarekin".

Uzta "oso ona"

Aurtengo uzta "oso ona" izan dela adierazi du. Zuhaitzek normalean bi urtean behin ematen dute "uzta potoloa", eta aurtengoa, kopuru aldetik altua izan dela zehaztu du: "Kopuru aldetik oso pozik gaude; loraldian euri asko egin zuenez, horrek sagar asko egotea lagundu zuen. Aurten 22 mila litrotik gora ditugu kupeletan".

Edateko emango duten sagardo guztia Iturrietako zuhaitzetako sagarrekin egin dutela adierazi du. Guztira, hamabost mota erabili dituzte eta gehienak mota hauetakoak direla azaldu du: errezil-sagarra, goikoetxe, gezamina, txalaka eta moko.

Aurtengo sagardoa nolakoa izango den galdetuta, hauxe dio: "Kalitate handikoa da. Inguruko lagunekin dastaketak eginda, guztiok bat egin dugu oso ona dela. Gainera, iraileko euriek ondo egin zien sagarrei osasuntsu egoteko".

Ekainera arte zapatu guztiak beteta

Sagardotegian badakite behin denboraldia hasita hilabete batzuetan gainezka ibiliko direla. "Hemendik eta ekainera arte zapatu guztiak beteta ditugu. Horrek lan asko dauka, baina oso pozik gaude izandako erantzunarekin; sagardozaleak gurekin gustura dauden seinale".

Gaineratu du txotx garaiko "magia" mantentzen dutela eurenean, menu tradizionalak eskaintzen eta txotx denboraldian sagardoa kupeletatik dastatzeko aukera emanaz. Gogoz dago denboraldi berriari ekiteko eta bezeroei sagardo berri hori dastatzera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak