Duela 12 urte onartu zen Ibarrako Plan Orokorra, eta ordutik ez da aurreikusitako eremu berririk garatu. "Hainbeste urte pasa eta gero, ez da gauzatu ezer; ez da galdetu ere egin", azaldu du Aramaioko alkate Asier Agirrek. Azpimarratu du herrian etxebizitza behar handia dagoela eta garrantzitsua dela horri erantzutea, besteak beste, gazteak herrian gera daitezen edo "beharra daukaten herritarrek" etxebizitza izan dezaten.
Ikerketak eginda
Plan Orokorrean aldaketak egiteko, mugikortasunari eta etxebizitzari buruzko ikerketak eta hirigintzako problematikaren diagnostikoa egin ditu Udal Gobernuak. "Gure borondatea da Ibarrako Plan Orokorra aldatzea etxeak egin ahal izateko. Lehen egin zen plan bat, baina orduan beste egoera ekonomiko batean zeuden hirigintza, zergak, kargak, gastuak... Orduan egin ziren kalkuluek gaur egun ezer gutxirako balio dute. Horregatik aldatuko dugu plana".