Magia eta ilusio artean, herritar guztiendako egitaraua prestatu dute Gabonetarako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 22a

Haurrendako jarduerak, kultur ekitaldiak eta kirol eskaintza antolatu dituzte.

Udalak eta herriko hainbat elkartek egitarau zabala antolatu dute Gabonetarako. Adin guztietako aramaioarrek izango dute zertaz gozatu. Galdu ezineko hitzordu bat abenduaren 24koa izango da: Olentzero eta Mari Domingi 18:00etan iritsiko dira herrira. Baina, horretaz gain, beste hainbat ekintzatan parte hartu ahal izango da.

Haurrentzako ihes gela

Gabonetako egitarauko nobedadeen artean, 7 eta 12 urte bitarteko haurrendako Ahaztutako argien bila ihes gela dago. Abenduaren 30ean, 17:00etan hasita, ihes gela bihurtuko da kultur etxea. Euskal Herrian aztarnak utzi dituzten emakume erreferenteen historiak ezagutuko dituzte partaideek bi ordu ingurutan. "Haurrak denboran atzera eta aurrera egiten duten esploratzaile bihurtuko dira", azaldu dute antolatzaileek. Parte-hartzeko izena eman behar da, abenduaren 26a baino lehen. Plazak mugatuak dira.

Bestalde, hilaren 22an, Maite Franko ipuin kontalariaren istorioak jarraitu ahal izango dituzte liburutegian, 3 urtetik gorakoek 17:00etan eta 6 urtetik gorakoek 18:00etan. Abenduaren 23an, Gabonetako apaingarriak tailerra egingo dute ludotekan, 17:00etan; abenduaren 29an, umeendako disko-dantza egongo da, 17:00etan, kiroldegian; eta urtarrilaren 2an, puzgarriak jarriko dituzte kiroldegian, 17:00etan.

Antzerkia eta filmak

Azken hilabeteetan estreinatu dituzten filmak ere iritsiko dira Gabonetan kultur etxera. Batetik, Aitor Arregik eta Joxe Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas filma emango dute, abenduaren 26an. Hilaren 28an, berriz, Paul Urkijoren Gaua ikus-entzunezkoaren txanda izango da.

Halaber, abenduaren 14an eskaintzekoa ziren Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala, baina proiekzioa hasi bezain laster arazo teknikoengatik hitzordua atzeratzea erabaki zuten. Horregatik, bihar, 19:00etan emango dute.

Kirol eta kantu eskaintza

Gabonetako ohiko hitzordua izaten da Debarroko Gabon Pilota Txapelketa, eta pilotariek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak, abenduaren 26an, 27an, 29an eta 30ean, kiroldegian. Partidak 10:00etan hasiko dira.

2025ari agur esateko, urteroko ohiturari jarraituz, Orixolera mendi irteera egingo dute, abenduaren 31n, 08:30ean kiroldegitik aterata.

Data hauetan kantua ere izaten da protagonista, eta Alaiak Kantuan taldeak kantu-jira egingo du herrian zehar urteko azken egunean, 12:00etan plazatik abiatuta. Urtarrilaren 9rako antolatu dute Urteberriko bertso-saioa, kultur etxean, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak