Bertan behera geratu da 'Esne berriketan' liburuaren biharko aurkezpena

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko abenduaren 10a

Begoña Durruti ilustratzailea eta Uxue Alberdi idazlea, argitaratu berri duten Esne berriketan liburua eskuetan. Argazkia: Elkar.

Biharko, abenduaren 11rako, zegoen iragarrita Uxue Alberdi idazleak, Amorante musikariak eta Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolariek egin behar zuten Esne Berriketan liburuaren aurkezpena, baina bertan behera geratu da; ez dute zehaztu oraindik aurkezpena egiteko beste datarik. 

Euskal Herriko hainbat txokotako emakumeen testigantzak jaso ditu Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak, eta, Begoña Durrutiren marrazkiak lagun, bi urteko lanaren ostean elkarrekin ondu dute Esne berriketan liburua. "2023an elkarrekin sortu genuen Belarriko kilkerra liburua da horren aurrekaria. Bukatu genuenean konturatu ginen istorio guztiak gizonezkoek kontatukoak zirela eta gizonezkoak zirela protagonista nagusiak, eta oraingo honetan emakumeak dira istorioetako protagonista eta kontalari nagusi. Bertsolari eta idazle moduan egiten ditudan aurkezpenetan eta bestelako ekitaldietan, herri eta profil askotako emakumeekin elkartzeko aukera izaten dut eta eurek ahoz eta bihotzetik kontatu dizkidaten istorioak jaso ditut. Begoña ere alboan izan dut elkarrizketa askotan, eta berak ere egin ditu hainbat, istorio horiek guztiak irudi ederrekin josteaz gainera. Pozik gaude emaitzarekin, baina oso aberasgarria izan da sortze-prozesua, orokorrean", dio Alberdik.

Zortzi ataletan banatuta

Era guztietako kontakizunak jaso dituzte liburuan, bizipenetan oinarritutakoak guztiak; idazleak dio "umorea eta argia sentiarazten" dutela horietako batzuek, baina badaudela "minera eta bortxara eroaten dutenak" ere: "Ez dut kontalarien profil zehatzik bilatu, bilatu dudana da memorian gordetako istorio onak kontatzeko prest zegoen jendea; hortaz, izan da, belarria, gorputza eta pertzepzioa jartzea entzuten nuenaren zerbitzura. Istorio bat idazten nuenean kontalariari erakusten nion, ea ondo jasota zegoen ikusteko eta bere izenarekin edo goitizen batekin sinatu gura zuen eta bestelakoak harekin adosteko. Joan-etorri asko izan dira idatzitako istorio bakoitzaren atzean".

Zortzi ataletan banatu dute liburua; atal bakoitza ez da gai itxi bat eta hainbat istorio batzen ditu. "Nolabaiteko lotura dute istorioek elkarren artean, eta Begoñak atze-oihal bat sortu dio atal bakoitzari. Lehenengo atalean, esaterako, sexuari eta sexualitateari buruzko denetarikoak daude: erditzeari eta gorputzari buruzkoak horien artean. Badago beste atal bat itsas girokoak ezaugarritzen dituena; menpekotasunari, bortxari eta tratu txarrei buruzko atal ilunagoa da beste bat, eta, alderantziz, argiagoa beste bat, laguntasunari, pozari, haurtzaroari buruzkoak jasotzen dituenak...".

Lau lagun taularen gainean

Ahoz kontatzeko istorioak dira, eta Amorante musikaria lagun duela kontatuko ditu eguenean Alberdik, orain arte egin dituzten lau saioetan moduan. "Bi bertsolari gonbidatzen ditugu saio bakoitzeko, eta, oraingoan, bi lagun min, Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita, izango dira guk proposatutako gaien inguruan inprobisatzen".

Debagoienean saio gehiago egingo dituzte: martxoaren 5ean Arrasaten izango dira eta martxoaren 7an, Osintxun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak