10 urte bete ditu Alaiak Kantuan taldeak, eta, nola ez, urteurrenaren ospakizuna kontzertu batekin ospatuko dute bihar, 18:00etan, kultur etxean. Kontzertu-omenaldia izango da, 10 urte hauetan egindakoa omenduko baitute; gainera, ez dira bakarrik egongo oholtza gainean Alaiak Kantuaneko kideak. Bizente Goikoetxea eta Papargorri haur eta gazte abesbatzak gon- bidatu dituzte. "Abesbatza bakoitzak bizpahiru kantu eskainiko ditu, eta Alaiak Kantuanek Papargorri abesbatzarekin bi abesti abestuko ditu. Zergatik? Alaiak Kantuanek harreman berezia izan duelako eskolarekin eta han egiten diren ekintzekin. Harremanari keinua egin nahi genion emanaldian", azaldu du taldeko zuzendari Larraitz Arriolabengoak.
Aisialdiko beste eskaintza bat
Jubilatuen aisialdia betetzeko ekintza bat bezala sortu zen Alaiak Kantuan taldea. Arriolabengoak azaldu du herriko pertsona batek, Kristina Etxenausiak, kantuarekin lortutako zerbait egin nahi zuela, baina horren formala ez zen formatuan. Arriolabengoak proposamena aurkeztu zuen Alaiak Jubilatuen Elkartean, eta haiek onartu egin zuten.
Ordutik, ibilbide "itzela" izan du taldeak. Hasi ziren guztiak ez badaude ere, hasi zirenetatik askok jarraitzen dute. Ahots batera hasi ziren abestiak kantatzen, eta gaur egun hiru ahotsetara abesten dituzte: "Gauza kuriosoak egiten ari gara. Niretzat, ibilbidea oparoa izan da".
Gaur egun 28 lagun inguru dabiltza kantuan, eta, hasieran hileko hiru egubakoitzetan entseatzen bazuten ere, gaur egun ia egubakoitzero elkartzen dira, ordu eta erdiz. Arriolabengoak aurreratu du herritar askok erabakitzen dutela jubilatu bezain laster taldera batzea: "Oso polita da, egia esan. Kalean elkartzen naizenean norbaitekin, eta esaten didanean erretiratu zain dagoela Alaiak Kantuan taldean sartzeko, gozamena da hori entzutea. Jendea egoten da jubilatzeko zain taldean sartzeko".
Herriko taldeekin lotura
Aramaioko emanaldi berezietan ere hartzen dute parte; adibidez, santa-eskean, Musika Astean, Euskararen Egunean... Baina oso berezia da taldearendako eskolarekin duen harremana: "Askotariko belaunaldiak kantuaren bueltan elkartzea magikoa da. Olentzero Egunean haiekin kantatzen dugu eta urtean zehar ere haiekin elkartzen gara, umeei betiko kantuak erakusteko; tradizioa ez galdu eta denon artean kantatzeko. Oso aberasgarria da".
Ekarpena herriari eta jubilatuei
Abesteak asko lotzen duela adierazi du Arriolabengoak, eta azaldu du erretiratuendako alternatiba bat dela "ondo pasatzeko, barre egiteko eta memoria aktiboa izateko, abestea oso osasuntsua delako mundu guztiarendako". Azaldu du abestiak ikasteak garuna aktibo mantentzen laguntzen duela, eta, modu horretan, entzumena, erritmoa koordinazioa eta arnasketa lantzen direla.
Herriari dagokionez, berriz, honako hau esan du: "Nik beti diot, baina kulturak salbatuko gaitu. Abestea kultura da, kultura transmisio bat. Herria bizirik mantentzeko gauzak egon behar dira, eta, guk gauza horiek prestatzen ditugun bitartean, hor egongo gara herria bizirik mantentzen".