Musikaz, hitzez, munstroz etA poesiaz beteko da gaur, arratsaldeko seietan hasita, Aramaioko kultur etxea, Idoia Asurmendiren eta Maria Osesen Munstroen bila: ohearen azpian aurkitutakoak ikuskizunarekin. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte, eta 12 urtetik beherakoek adin nagusiko batekin joan beharko dute.
Debagoienean aurkeztu dute ikuskizuna, baina Idoia Asurmendiri "ilusio handia" egiten dio jaioterrian emanaldia egin ahal izateak: "Aspalditik gabiltza Maria eta biok bueltaka, bion arteko emanaldi bat sortzen; poesia, hitza eta musika batzen dituen zerbait sortzen. Zail samarra egiten zait zer den definitzea. Ez da kontzertu bat, ez da poesia errezitaldi bat, baina bada %100ean bion artean mimo handiz lehenengo aldiz sortu dugun zerbait".
Definiziorik gabeko ikuskizuna
Ikusleak ikusiko duenaz galdetuta, aramaioarrak dio ez dakiela definitzen. "Jendea ezer espero barik dator, eta uste dut hori ere polita dela. Jendea harrituta irteten da, ez zuelako halakorik espero. Zerbait berezia da. Uste dut Euskal Herrian ez daudela horrelako hainbeste proiektu", adierazi du.
Poesiatik eta musikatik harago doan lana dela dio: "Bion artean denborarekin sortu dugun zerbait da. Jendeak edukiko du musika eta testua entzuteko denbora; bere momentua. Ez da luzea izango. Laburra izango da, baina intentsua".
Oraingoan, herritar guztiendako
Duela urtebete, 2024ko azaroan, aurkeztu zuten emanaldia, Loraldian, baina Asurmendik aitortu du estreinaldia baino astebete lehenago Aramaion bertan egin zutela entsegu orokor bat, gertuko jendearen aurrean: "Urduritasuna kentzeko eta entsegu orokorra egiteko antolatu genuen hitzordua. Urtebete igaro da, eta emanaldiak ere hartu du beste forma bat; aldatzen joan da denborarekin. Ibili gara biok dena fintzen, eta ilusio berezia egiten digu ostera ere, urtebete pasata, Aramaion emanaldia egiteak, baina, oraingoan, publiko guztiarendako, herriarendako. Beste ziurtasun batekin igoko gara oholtzara".
Bira Uruguain eta Argentinan
De amar y desandar diskoaren biran ere badabil Idoia Asurmendi, eta urriaren amaieratik azaroaren hasierara bitartean Uruguain eta Argentinan eman ditu kontzertuak. Bira "oso-oso ondo" joan dela dio, eta oraindik "aje emozionalarekin" dagoela: "Poliki-poliki joango naiz denari bere lekua ematen. Esperientzia berri bat izan da niretzako. Lehenengoz egon naiz bizpahiru astez hiriz hiri bidaiatzen eta kontzertuak ematen. Lehendabiziko aldia izan da halako bira bat atzerrian egin dudana".
Oso eskertuta dago, ez zituelako "inondik inora espero" hainbeste jende joaterik kontzertuetara eta jaso dituen maitasun hitz guztiak. "Jendeak asko disfrutatu du, eta nik ere bai. Gainera, konpainia onean joan naiz, Mai Prietorekin, Madrilen bizi den Buenos Airesko biolin-jolearekin. Madrilen ezagutu genuen elkar eta elkarrekin egon gara bira honetan. Plazer handia izan da haren herrialdea eta hiria harekin ezagutzea. Asko disfrutatu dut eta itzultzeko gogoz nago".
Domeka honetan Bermeoko Kafe Antzokian egingo du emanaldia.
