Zazpi puntuko urriko ohiko osoko bilkura egin zuen Aramaioko Udalbatzak, eta Azaroaren 25aren harira, bi adierazpen onartu zituzten. Aramaioko Udalak aurkeztutako adierazpenaren aurrean jeltzaleak abstenitu egin ziren. Adierazpenak gogorarazten du indarkeria matxistak "emakume askori eragiten diela, tartean beldurra eta isolamendua sortuz gure komunitatean".
Horren aurrean, datuak ere jaso dituzte, eta azpimarratu dute datu horiek erakusten dutela "arazo honek gure gizartean jarraitzen duela eta erantzun sendo eta bateratua behar duela". Horien aurrean, Aramaioko Udalak konpromisoa berretsi du auzoko sareak indartzeko, emakumeen elkarteak eta mugimendu feminista babesteko, eta "gure komunitatea seguru, berdinzale eta laguntzaile den espazioa bihutzeko".
EAJk bere aldetik, Eudeletik helarazitako adierazpena aurkeztu zuen, eta kasu honetan ere, azpimarratzen du "indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du". Era berean, komunitateek –hala nola, komunitate feministak eta tokiko komunitateak– emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezakeela jasotzen du.
Udalek "erantzukizun zuzena" dutela dio komunitateak sustazeko, eta horregatik, zenbait jarduera garatzeko konpromisoa ere hartu dute: hurbiltasun-sare lokalak indartzea; Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea; hezkuntza-, osasun-, kultura-, eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea; sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea; indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea; kanpaina eta kuadrillekin aliantza garatzean sexuen arteko harreman osasungarri eta bidezko kodeak sortzeko, eta tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea.
Kontratu txikien azalpen eskaerak
Dekretuen berri ematea puntuan, dekretuetan jasotako aisialdirako kontratu txikien bueltako azalpen-txostena eskatu zioten jeltzaleek udal gobernuari, joan den hileko beste pleno batean bezala. "Kontratu txikien txostenaren zain gaude, eta hau ere kontuan izatea nahi dugu. Azkenean, Ostadarrek ematen zuen lehen zerbitzu osoa, eta orain ikusten dugu beste hainbat enpresa daudela hilabete batzuetarako".
Udal gobernuak adierazi zuen, aisialdiarekin lotutako kontratu txiki horiek abenduaren 31ra artekoak direla, eta orain ari direla pleguak prestatzen urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko. Zehaztu zuten, liburutegiko plegua ez dutela garatu, itxaroten ari direlako kultur etxeko langileen eta Udalaren arteko epaiketaren emaitza zein izango den.
Ikusiz Gozatu elkartearekin hitzarmena
Duela zenbait urtetatik, bi urtean behin sinatzen du Udalak hitzarmena Ikusiz Gozatu kultur elkartearekin. Adierazi zuten, normalean, maiatzean egin ohi dutela, baina oraingoan data aldatu dela, "lan egiteko funtzionamendua autonomo bihurtu dutelako, eta haiek egiten dutelako kudeaketa".