Gazte gara gazte

Iraide Onaindia: "Bertsolaritzaren transmisioak jarraitzea espero dut"

Julen Murua Mesonero 2025eko urriaren 31

Batxilergoa bukatuta, Kazetaritza gradua ikasten hasi zen Iraide Onaindia Elespuru (Aramaio, 2006). Dantzan, abesbatzan eta igeriketan ibili da urteetan, baina haren zaletasun nagusia bertsolaritza da. Azaroaren 9an jokatuko du Arabako txapelketako sailkapen fasea.

Kazetaritza ikasten diharduzu Bilbon; nola doa kurtso hasiera?

Oso ondo doala esango nuke. Bigarren mailako kurtsoa hasi dut aurten, eta nahiko lasai ari gara. Dinamikan ere guztiz sartuta gaude, bigarren maila izanik badakigulako nola funtzionatzen duen unibertsitateak. Gainera, duela gutxi oso proiektu polit bat izan genuen irratian; esperientzia polita izan zen. Lan batzuk izaten ditugu egiteko, baina lasai gabiltza; izango dugu urduri jartzeko denbora abendu bukaeran eta urtarril hasieran.

Aste barruan Bilbon bizitzeaz gozatzen duzu ala faltan igartzen duzu herria?

Aurreko urteko egoera eta aurtengoa oso ezberdinak dira. Iazkoa lehenengo urtea izan zen, eta urduri nengoen. Apur bat zaila egin zitzaidan, ingurua eta errutina faltan igartzen nituelako. Aurten, ordea, oso gustura nabil; ziurrenik, ohitu egin naizelako. Herria faltan igartzen dut, baina oreka bat aurkitzea lortu dudala esango nuke.

Dantza, abesbatza eta igeriketa. Oraindik jarraitzen duzu horietan ala zaletasun batzuk alde batera utzi dituzu kanpoan bizitzeagatik?

Igeri egitera joaten naiz batzuetan Bilbon, kirol apur bat egiteko. Dantzara eta abesbatzara ere saiatzen naiz joaten; gutxieneko konpromiso bat izaten. Txikitatik egin ditudan bi gauza dira, eta ez ditut alde batera utzi.

Bertsotan ere ibiltzen zara; etxetik datorkizu zaletasuna?

Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan eskolak izan genuenetik nabil bertsolaritzan. Urte askoan egon naiz Aramaioko bertso eskolan, eta gaur egun ere jarraitzen dut. Esango nuke etxetik datorkidala, baina baita herritik ere. Etxetik datorkit, nire aitona-amonak oso zaleak izan direlako betidanik; gainera, nire osaba epailea izan da urte askoan, eta esango nuke nire anaiak eta biok lortu dugula gurasoak bertsozaletzea.

Zer du bertsolaritzak Aramaion horren arrakastatsua izateko?

Hasteko, bertso eskolan bertan oso giro ona dago, eta horrek jendea erakartzen du. Gainera, belaunaldiz belaunaldi transmititu den zerbait da, eta horrek ere eragina du. Espero dut transmisio hori ez etetea eta datozen belaunaldietan ere jarraitzea.

Arabako txapelketako sailkapen fasea jokatuko duzu; nola ikusten duzu zeure burua?

Nire lehenengo aldia izango da eta uste dut izango dela esperientzia irabazteko saio bat. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, eta ea nola doan.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Amonaren kroketak.
Bidaiatzeko toki bat? Lanzarote.
Bertsolari bat? Nerea Ibarzabal.
Abesti bat? Olaia Inziarteren Rita abestia aukeratuko nuke.
Bilboko toki bat? Kafe Antzokia.
Aramaioko toki bat? Andramaixa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak