Astelehenean egin zuen ezohiko osoko bilkura Aramaioko udalbatzak, 2026ko ordenantza fiskalak onartzeko. Bost udal ordenantzek izango dituzte aldaketak: hiri-hondakinak, ura, baso-bideen erabilera, zerbitzu-publikoak eta trakzio mekanikoko ibilgailuena.
Hiri hondakinen zerga %5,5 igoko dute. Adierazi dutenez, Gorbeialdeako Kuadrillatik jaso duten eskaera da %11 igotzea, baina "erdi-bideko" neurria hartu dutela adierazi zuen Asier Agirrek, izan ere Aramaioko tasa Gorbeialdekoaren gainetik dago, eta %5,5eko igoeratik ere gainetik geratzen da. Halaber, "baserri gutxi batzuei" zerbitzua eskaintzen dieten edukiontzi batzuk kendu egingo dituzte, eta horiek %20ko edo %30eko hobaria izango dute; etxetik gertuen duten edukiontzira arteko distantziaren araberakoa. Kontuan hartu behar dugu, kasu batzuetan, kamioiak kalte gehiago sortzen duela bideetan. 10-15 baserri izango dira kaltetuak. Sei edukiontzi kenduko ditugu".
Tasak baso-bideetan
Baso-bideak erabiltzeagatik sortutako kalteak konpontzeko ere, tasak eguneratu dituzte. Azaldu dute kalteak proportzionalak izan daitezkeela, distantziaren eta pisuaren arabera, eta horregatik, tasa horren proportzionala izango dela. "Beste arau bat jarri da. Partzela baten barruan, pinudia bota behar badu partikular batek, eta bide publikotik garraiatu behar badu, udalak baimena emango dio, baina tasa bat aplikatuko zaio. Garraiatzaileak samurrago edukitzeagatik, ez dago zertan bide publikoa moztu. Orduan, moztu behar bada, baloratuko da ze bide den eta zenbat denbora beharko duten". Lizentzia eskatu beharko da, tasa ordainduz. Gainera, gehitu dute, debekatuta egongo dela motordun ibilgailuak publikoak ez diren bideetatik ibiltzea. Bigarren atal bat sartu dute, eta udalak, bere eskumenaren barruan, isunak jarri ditzake: arinak, astunak eta oso astunak.
Agirrek azaldu zuen 2023an udalak 70.000 euro baino gehiago gastatu zituela baso bideetan, eta tasetan, 12.000 euro "bakarrik" jaso zituztela: "Udalarendako bide horiek zaintzea oso garestia da. Horregatik, erregulatu nahi da, eta jendeak kontzientzia gehiagorekin erabili ditzan bideak. Diru-bilketa ez da asko igoko, baina kontrol zehatzago eta justuagoa emango da".
Orain arte Kurtzetako partea zegoen identifikatuta parke bakar moduan, baina orain, zortzi identifikatu dituzte.
KPIaren araberako igoera
Uraren ordenantzari dagokionez, KPIaren araberako igoera izango dute tasek. Gainera, besteak beste, 61 m3 baino gehiago erabiltzen dutenei, %30eko igoera aplikatuko zaie. Ur-faltarekin arazoa dago Aramaion, eta hori erregulatzeko hartutako neurria da. Halaber, uraren irakurketa lau hiletik behin egingo da 2026tik aurrera, hiru hilean behin egin beharrean.
Hobariak hainbat ibilgailurendako
Motordun ibilgailuen gaineko ordenantzan pleguak eguneratu dituzte, eta auto elektrikoendako eta hibridoendako %50eko hobaria zehaztu dute, "betirako". "Europatik zehazten digute tendentzia hori egotea, eta Arabako Foru Aldundiak gomendioak eman eta mugak jarri ditu. Auto elektrikoen kasuan, %95eko hobaria gomendatu du; hibridoetan, %50 artekoa. Guk %50ekoa aplikatuko dugu bi kasutan. Kontuan izan behar dugu, herritarrek egin dituztela eskaerak", zioen.