Udabiltzak Aramaion egin du urteko bigarren Kontseilu Nagusia

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko urriaren 27a

Udalbiltza osatzen duten zenbait herrietako ordezkariak, egubakoitzean, Aramaion.

Urteko bigarren Kontseilu Nagusia egin zuen Udalbiltzak egubakoitzean Aramaion, eta besteak beste, 2026. urteko Kudeaketa Plana eta 849.790,50 euroko aurrekontua onartu zituzten. Bestalde, Zeanuri patzuergoan sartu dela iragarri zuten.

Egubakoitzean Aramaion egindako urteko bigarren Kontseilu Nagusian onartu zuen Udalbiltzak Kudeaketa Plana, eta horren baitan aurkeztu zituzten hainbat proiektu. Adierazi dutenez, duela pare bat urte egituratu zuen Udalbiltzak "lan-eskema berri" bat, eta "ildo ezberdinetatik abiatutako lanaren lurreratzea gertatuko da datorren urtean.

Hainbat proiektu esku artean

Herri jasangarria-ren ildotik, Energia Burujabetzaren atalean, Ehnergia egitasmoa aurkeztu zuten; estatuen mugaz gaindi landuko den Energia Komunitateen bigarren mailako sarea. Aurreratu zuten, ekimena "behar bezala aurkezteko", 2026ko otsailean egingo dutela aurkezpen bat.

Herri zaintzailea eta hezitzailea lan-ildoan, Zaintza liburuxka argitaratuko dute, Eraldaketarako gakoak izenburupean. Azaroaren 7an jardunaldia egingo dute Donostiako Miramon Teknologia Parkean, eta izen-ematea zabalik dago. 2026an aurkeztuko dute liburuxka herri ezberdinetan.

Memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa atalean, Geuretik Sortuak kultur egitasmoan jarri zuten arreta. "2025-2026 urteak hartuko dituen hirugarren edizioan, 2026a zehazki zirkuitu nazionalaren urtea izango da". Sormen egonaldietan landutako lanak aurkeztuko dituzte; hala nola, zortzi antzezlan, zazpi komiki bilduma, hamar ipuineko bilduma, eta lau film-labur.

Datorren urteetako ekimenak

Patzuergoak ia 850.000 euroko aurrekontua onartu du, eta beste zenbait egitasmorekin aurrera egiteko ere balioko dutela azaldu zuten. Gobernantza Publiko Komunitarioan aurrera egiteko lantaldea osatu dute. Ekonomia Sozialean, berriz, Gizarte Monetaren proiektua dute, eta Elikadura Burujabetzan, manifestua idatzi eta ekintza plana diseinatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak