Animaliarik gabeko Jubilatuen Eguna izan da aurtengoa. Herrian zabaldu den Dermatosi Nodularraren eraginez, ganadurik gabeko azoka antolatzeko autua egin dute. Dena den, jendea hurbildu da Aramaioko kaleetara, bertako produktuak eta artisauek egindako lanak erostera, dantzariak ikustera edo begiratu bat botatzera.
Herritarrek adierazi digutenez, animalien falta "nabaritu" dute eta aurreko urteekin alderatuz, jende "gutxiago" izan dela ere aitortu digute. Hala ere, ateri izateak, giro "polita" sortzen lagundu duela ere esan digute.
Baserritar jantziak ikusi dira
Aurtengo beste berritasun bat izan da Baserritarrez janzteko herriko hainbat eragilek egindako deia; besteak beste, Alaiak Jubilatuen Elkarteaz batera, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak, Papar gorri abesbatzak, Triki Kalejirak, Txirritolak, Orixol Mendi Elkarteak, Lagun Artean dantza taldeak, Aramaixo Bizi taldeak, Iturzuri Emakume Elkarteak eta Aramaixoko Bertso Eskolak zabaldutakoa. Dei horri herriak emandako erantzuna ere ikusi da gaurkoan.
Ekimenaren bultzatzaileen artean Lagun Artean dantza taldea izan da. Hauek ere izan dute protagonismoa, dantza ikuskizuna eskaini baitute Jubilatuen aldeko mezaren ostean. Trikitilariek kalejira ere eskaini dute, eta, egunarekin amaitzeko, bazkaria egingo dute hainbat erretiraturen artean.