Urteko egun handienetako bat izaten da aramaioarrendako Jubilatuen Eguna, eta, urtero bezala, urriko azken zapatuan ospatuko dute; hain zuzen ere, bihar. Goizean zehar azoka jarriko dute Aramaioko baserriko produktuekin, artisau-lanekin eta animaliekin, 14:30era arte. Dena den, eguerdiko hamabietan, urtean zehar hildako jubilatuen aldeko meza nagusia izango da, San Martin parrokian, eta, horren ostean, Lagun Artean dantza-taldeak emanaldia egingo du. 13:30ean, herriko trikitilariekin kalejira egingo dute, eta 14:30ean, bazkaltzera joango dira izena eman duten erretiratuek. Ibarrako elkarteetan jubilatu guztiendako salda eta ogitartekoak egongo dira.
Baserritar janzteko deialdia
Alabaina, aurten, baserritar janzteko deialdia egin dute, Alaiak Jubilatuen Elkarteaz gainera, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak, Papar gorri abesbatzak, Triki Kalejirak, Txirritolak, Orixol Mendi Elkarteak, Lagun Artean dantza taldeak, Alaiak Jubilatuen Elkarteak, Aramaixo Bizi taldeak, Iturzuri Emakume Elkarteak, Aramaixoko Bertso Eskolak eta herriko beste hainbat eragilek.
"Gure aittitte-amamek jantzirik onenak azoka egunetan ateratzen zittuzten moduen, animau gaittezen gure baserritar jantzi ederrak ipinttera Jubilatuen Egunien"; mezu hori zabaldu dute herrian zehar. Ekimenaren bultzatzaileetako bat izan da Lagun Arteanen sortu den erromerietako dantza taldea. Haiek ere dantzaren bat edo beste egingo dute meza ostean, eta, dantzatzeko baserritar jantziko direla aprobetxatuz, herritarrei ere egin diete dei. "Ez da berria, lehen ere bazegoen ohitura, baina galdu egin da. Zelanbait, poliki-poliki gura da, azoka eguna denez, herriak ohitura berreskuratzea. Aurten ez dakigu zein erantzun egongo den, baina ea poliki-poliki lortzen dugun", azaldu dute.
Trafikoan eragina
Gaur eta bihar, Nardeaga kaleko zirkulazioan eragina izango du Jubilatuen Eguneko azokak. Gaur, 15:00etatik aurrera, Nardeaga 30etik behera postu batzuk jarriko dituzte, baina garajeetako eta atarietarako sarrera-irteerak libre utziko dituzte. Gaur, trafikoa zabalik egongo da; Nar- deaga 32tik 33ra trafikoa moztuta egongo da, errepidean animaliendako hesiak jarriko dituztelako. Bihar, ordea, trafikoa moztuta egongo da Nardeaga kale osoan.