Lehen Bira Ekofeministak Aramaion egingo du geldialdia

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko urriaren 23a

Emakumeen Mundu Martxak Aramaion egindako geldialdiko irudia.

Urriaren 25ean abiatuko den Bira Ekofeministaren lehen ekimenak Arabako lurraldea aukeratu du, eta Aramaion egingo du lehen geldialdia; lurraren defentsa eta ikuspegi feminista uztartuko ditu. 

Gasteizetik aterako da autobusean egingo den Bira Ekofeminista, eta lehen geldialdia Aramaion egingo du, 10:30 aldera; biribilgunean egingo diete ongietorria, eta jarraian Sastiñara joango dira. Lehen ekitaldi horrek aukera emango du mugimendu feministaren barruan lurraren defentsari lotutako proiektuak ezagutarazi eta ekofeminismora gerturatzeko. 

Aramaion parte-hartzaileak Sastiñan bilduko dira, eta bertan, Aramaixoko Talde Feministak azken urteotan ekofeminismotik landu dituen gaiak aurkeztuko ditu. Gainera, Aramailur Kontsumo Elkarteak kudeatzen duen ekonomatuaren berri ere emango dute. Elkartearen eskutik, ekofeminismotik eta agroekologiatik martxan dauden prozesu eta proiektuak ezagutzeko aukera izango da, feministen sareak indartzeko helburuarekin. Aurkezpenean zehar azalpenak, bideoak eta kantak tartekatuko dira, eta, ondoren, elkarrizketarako tartea zabalduko dute, hamaiketakoaren bueltan. 

12:00etan, Bira Ekofeministak bere bidea jarraituko du, eta hurrengo geldialdia Labraza izango da. Azken geltokia Tuesta izango da; bertan dagoen tomate hidroponikoen lantegiaren inguruan jardungo dute. Bira horretan parte hartzeko aurretiko izen-ematea itxita dago jada, baina Aramaiora joateko gonbita zabalik dago oraindik, Aramaixoko Talde Feministaren partetik. 

Aramaion, bertako talde feministaren esanetan, "teoriatik praktikara igarotzeko aukera paregabea" egongo da zapatuan: Jubilatuen Eguneko azokan herriko eta inguruko produktuen dastaketa eta kontsumo arduratsua sustatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak