Zuriñe Serradilla: "Sexualitatea lagun dugu jaiotzen garenetik gure bizitzaren amaiera arte"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko urriaren 23a

Zuriñe Serradilla psikologoak helduen sexualitatearen inguruko tabu eta aurreiritziak azaleratu zituen Aramaion egindako Sexualitatea publiko guztientzat hitzaldian; bizitzako etapa guztietan plazerak eta zaintzak duten garrantzia azpimarratu zuen.

Joan den martitzenean, Aramaion +55 Elkartegaiak antolatutako saioaren barruan, Zuriñe Serradillak (Gasteiz, 1982)  sexualitatea osasunaren funtsezko elementu gisa aurkeztu zuen, ikuspegi falozentrikotik harago, autoezagutza eta zaintza erdigunean jarrita. Adinaren eta plazeraren arteko harremana berrikusi zuen, tabu zaharrak kolokan jarri eta sexualitatearen inguruko elkarrizketa naturaltasunez sustatzearen alde egin.

Nola sortu zen Sexualitatea publiko guztientzat izeneko hitzaldiaren ideia?

Sexu-hezkuntza biztanleriako sektore jakin batera bideratuta egoten da ia beti, eta prebenitzeko helburua du, zentzu zabalean. Dena den, genero-ikuspegia aplikatuta, badakit gure biztanle heldu berantiar gehienek oraindik ez dutela sexu-heziketarik jaso, eta, beraz, tabuek aktibo jarraitzen dutela, belaunaldiz belaunaldi igarotzen jarraitzeko probabilitatearekin.

Hitzaldia 55 urtetik gorakoei zuzenduta dago; zure ustez, zergatik da garrantzitsua adin horretan oraindik sexualitateaz hitz egitea?

Sexualitatea lagun dugu jaiotzen garenetik gure bizitzaren amaierara arte. Aldaketak pairatzen ditugu gure bizitzako une guztietan, baita 55 urtetik aurrera ere. 55 urtetik aurrera sexualitatea existitzen dela ukatzea gure osasunaren zati handi bat ukatzea da, urte askotan; batez ere, gaur egun. 

Nola aldatzen da sexualitatea urteek aurrera egin ahala? 

Sexualitatea autoezagutza izatetik identitatearen definizioa izatera pasatzen da. Identitate horretatik gure ingurunearekiko harremanera hedatzen da, harreman hori gero eta intimoago bihurtzen da, bizipen introspektibo bilakatu arte, kasu gehienetan. Beste esperientzia batzuetan, ordea, ez da horrela gertatzen. Osasun fisikoa edo psikologikoa moduan, faktore askoren mende dago. 

"Sexualitatea autoezagutza izatetik identitatearen definizioa izatera pasatzen da"

Sarritan esaten da adinean aurrera egin ahala gutxitu egiten dela sexu-desira; hala da ala ñabardura gehiago daude?

Ñabardura gehiago daude, eta gako nagusiak aldagai soziokulturalak eta indibidualak dira. Oro har, bizitzako une batzuetan sexu-desira areagotu egiten da, eta beste batzuetan, berriz, forma normatiboan, murriztu. Adina bakarrik kontuan hartzen badugu, ziur aski faktore biologikoei buruz hitz egiten ari gara. Existitzen dira eta hor daude, baina izaki sozialak eta kulturalak garenez, faktore horiek garrantzi handia dute aldaketa horien intentsitate eta iraupenean.

Zein rol jokatzen du komunikazioak etapa horretan bikoteen bizitza sexualean?

Funtsezkoa. Hala ere, komunikazio ona autoezagutzan hasten da. Ez badakigu zer komunikatu nahi dugun, zaila izango da behar bezala komunikatzea. Gero, errespetuan oinarritutako harremana izatea ere oso garrantzitsua da: gure desira betetzen ez denean, beste aldearen mugak ez gainditzea eta errespetu hori beste pertsonaren nahiak norberaren desiren gainetik jartzetik bereizten jakitean datza. Muga horiek ezagutzea, norberarenak edo besteenak, komunikazio onean oinarritzen da.

"Komunikazio ona autoezagutzan hasten da"

Zein rol betetzen dute autoezagutzak eta autozaintzak etapa horretan?

Oso rol garrantzitsua dute, eta uste dut kasu gehienetan deskuidatuta egoten direla. Emakume garenez gero, besteen zaintzara entregatu gara, eta gu geu bigarren plano batean gelditu. Menopausiaren biologiak eskaintzen digun abiapuntu introspektibo eta ahalduntze hori aprobetxatzea oso interesgarria izan daitekeela uste dut. Gizonentzat ere, zaintzan eta ez hainbeste emankortasunean oinarritutako bikotea izateko aukera horrek malgutasun handiagoa eragin dezake rol maskulinoan, baita sexu-mailan, bi aldeentzat.

Zergatik da oraindik gai tabua adinekoen artean sexualitateaz hitz egitea?

Uste dut, neurri batean, hasieran esan dudanarekin zerikusia duela. Orain arte, sexu-hezkuntza gazteei zuzenduta egon da; beraz, belaunaldi horrek, ziurrenik, oraindik ez zuen hezkuntza hori jaso. Besteak beste, erlijio-debekuaren aztarnak dituen patriarkatuaren babespean ere badaude. Bestalde, adin jakin batetik aurrera, jada ez dago ugalketa-ikuspegirik, plazer hutsa da. Ez dago ezer frogatu beharrik, fisikoki idealak izan beharrik, super-txapeldun izan beharrik. Ez gaude oso ohituta arautik ateratzen denari buruz hitz egitera, nahiz eta kontrakoa iruditu gaur egun sexuaz hitz egiten dugunean.

"Adin jakin batetik aurrera, jada ez dago ugalketa-ikuspegirik, plazer hutsa da"

Adin jakin batetik aurrera nola eragiten du bakardadeak edo bikotekidearen galerak sexualitatearen bizipenean?

Genero-ikuspegia eta orokortzea aplikatuta, esango dut batzuetan emakumeentzat liberazioa izan daitekeela, alde horretatik, eta gizonentzat iparrorratz galera handia. Batzuk senarraren desiran zentraturik daudelako norberarenean baino gehiago, eta besteak emaztearengan bere gogobetetasuna erabat delegatua daukatelako.

Psikologo gisa duzun esperientziatik, zer behar edo kezka kontsultatzen dizkizute gehien adineko pertsonek?

Etapa honetako sexualitatea ez da izaten koitoari edo genitalari buruzko kontsulta egiteko arrazoia. Gehiago izaten dira harreman afektiboak, eguneroko tratua, zaintzak. Bigarren mailako arrazoi gisa, harreman desberdinak agertzen dira sexu-gogobetetasunean, norberaren desira ez ezagutzea, aurretiko esperientzia traumatikoak.

Zein aholku ematen dituzu heldutasunean norberaren sexualitatearekin berriz konektatzeko?

Memoriarako letra-zopa egiten duzun bezalaxe, edo yoga gorputzerako, edo salda bat arimarako, masaje bat egin dezakezu zure gune erogenoetan, gustua eta mimoa emateko. Gustuaz gain, giharrak indartzen ditugu, gernuak ihes egin ez dezan, nerbioak apaldu eta lo hobeto egiten laguntzen digu. Guztia dira abantailak eta ez duzu ezer behar!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak