Zortzi bertsolari, koplatan kantu-kontari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 17a, 10:06

Iazko Kopla Txapelketan parte hartu zuten hainbat bertsolari. (Argazkia: GOIENA).

"Erreferentzialtasuna" lortu duen Aramaioko Kopla Txapelketaren seigarren aldia egingo dute gaur; 19:30ean jokatuko dute kanporaketa fasea, goiko taberna aurrean hasita, eta finala, hiru edizioren ostean, Iturrieta sagardotegira itzuliko da.

Gaur gauean jokatuko dute Aramaioko VI. Kopla Txapelketa Sabin Abarrategi, Libe Goenaga, Ibai Amillategi, Oihana Bartra, Lide Arregi, June Aiestaran, Jon Maia eta Oier Etxeberria bertsolariek. 19:30ean hasiko dute kanporaketa fasea, goiko taberna parean, eta finala, hiru edizioren ostean, Iturrieta sagardotegira itzuliko da. Afalostean jokatuko dute finala, eta guztira 85 txartel saldu dituzte.

Bertso Eskolarendako ikasturtea hasteko modu bat da Kopla Txapelketa, eta, aldi berean, koplari plazan presentzia emateko eta umoreari lekua egiteko era: "Egia da erreferentzialtasuna lortu duela txapelketak. Guretzat pozgarria da sei edizioak jarraian antolatzea eta Euskal Herri osotik bertsolariak ekarri ahal izatea".

Parte hartuko duten bertsolariak ere eskolak aukeratzen ditu, eta, aurreratu dutenez, saiatzen dira Euskal Herri osoko ordezkaritza lortzen, eta genero eta adin aniztasun eta parekidetasuna bermatzen.

Kiroltasunezko txapelketa

Ohiko bertso-saiotik aldentzen da bertsoen neurriari dagokionez, eta, txapelketa bada ere, "kiroltasunezko lehia" dela azpimarratu dute: "Oso giro oneko eta umorezko jai bat izaten da. Aitzakia da txapelketa izatea. Ez dauka ikuspuntu serio hori. Kopla Txapelketan lehiakortasuna oso modu naturalean bizi dugula uste dugu".

Arabako Bertsolari Txapelketa prestatzen hasita daude herriko bertsolariak

Bertso-eskolako kideak arituko dira gai-jartzaile lanetan, eta, umoreak "presentzia handia" izango badu ere, bestelakoen bueltan ere kantatuko dute.

Arabako Txapelketa, ate-joka

Aurtengo ikasturtean umeen eta gazteen hiru talde daude; oro har, iazkoen jarraipenak direnak. Bestetik, helduen "talde autogestionatua" dago.

Arabako Bertsolari Txapelketa ere jokatuko da, eta dagoeneko helduen taldea sailkapen fasea prestatzen ari da, urriaren 24an hasiko da eta. Fase horretan parte hartuko dute Aitor Ugartek, Andere Arriolabengoak, Danel Herrartek, Iraide Onaindiak, Martin Abarrategik, Sabin Abarrategik eta Xabi Igoak. Paula Amilburu eta Peru Abarrategi zuzenean txapelketarako sailkatuta daude, azken edizioko finalistak izan zirelako.

"Oso garrantzitsua da Aramaioko hainbeste izen egotea; ia saio bakoitzean dago herriko baten bat. Horrek erakusten du bertso-eskola indartsu dagoela, eta gogotsu. Gazteen hiru talde eta laugarren bat egotea garrantzitsua da, eta herrian eragina du horrek", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak