Arabako emakumeen historia jaso eta zabaltzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 10a, 10:10

Maria Trojaola sendalaria eta Rosalia Ormaetxea erizain eta emagina. (Argazkia: A.U.).

Errotik Kooperatibak Arabako Historiako Emakumeen Memoria bildu du, eta astelehenean topaketa egingo dute Aramaion, herriko emakume sendalari eta emaginen leinuak utzitako aztarna partekatzeko; herritarrek ekarpenak egin ditzakete.

Arabako Historiako Emakumeen Memoria bildu du ikerketa batean Errotik Kooperatibak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta proiektua aurkeztu eta han jasotako Aramaioko emakume sendalari eta emaginen leinuek utzitako aztarna partekatuko dute astelehenean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Savina Lafita da Errotik kooperatibako ikerketa arloko arduraduna, eta azaldu du 2024an hasi zutela ikerketa: "Helburua zen azterketa bat egitea Arabako historiarena, baina genero ikuspegiarekin. Erakutsi nahi dugu emakumeek pisu garrantzitsua izan dutela historian, eta haien historiak kontatu nahi ditugu". Ikerketa Arabako kuadrilla bakoitzak aztarna historiko bat du: "Bakoitzean berreskuratu da gertaera historiko edo ekarpen bat emakume arabarrendako garrantzitsua dena edo lurraldearen garapenerako egin dituzten ekintza garrantzitsuak".

Sendalari eta emaginen leinua

Gorbeialdeko aztarna Aramaion kokatzen da, eta herriko sendalari eta emaginak ditu oinarri; hain zuzen ere, Maria Trojaola (1881-1953) sendalari eta Rosalia Ormaetxea (1907-1979) erizain eta emagin ama-alabena. Haien aztarnaz berba egiteko, haien biloba eta alaba Garbiñe Astondoak hartuko du parte.

Astondoa oso eskertuta agertu da haren ahaideei egin dieten aitortzarekin: "Oso eskertuta nago nire amonagatik, amagatik eta emakume guztiengatik egiten ari diren guztiagatik. Asko kostatu da". Azaldu du bi emakumeei buruz dakien guztia amak kontatutakoa dela: "Nire amonarengandik ez dakit gauza askorik. Nire amak eta amonak sekulako lana egin zuten herritarrei laguntzeko, eta ohorea da niretzat. Sekulako harrotasuna ematen dit. Emakumeendako gogorrak ziren garaietan nire amak unibertsitatean ikasi zuen".

Memoria partekatua aberasten

Publiko guztiei zuzendutako saioa da, baina izena eman behar da. Halaber, memoria partekatua aberasten duten argazkiak, gutunak eta bestelakoak topaketara eramateko eskatu dute antolatzaileek.

Aramaioko aztarnaren zati bat

Maria Trojaola (1881-1953) sendalari eta Rosalia Ormaetxea (1907-1979) erizain eta emagin ama-alaben memoria jaso du Errotik Kooperatibak ikerketan. Proiektuaren zuzendari Savina Lafitak dio Maria Trojaolak hezurretako arazoak eta bestelakoak sendatzen zituela "ahoz ahokotik jasotako jakintzarekin. Oso ezaguna zen inguru horretan, ez Aramaion bakarrik". Garbiñe Astondoak, Trojaolaren biloba eta Ormaetxearen alabak, gehitu du amak txikitatik ikusi zuela haren amak zelan sendatzen zituen herritarrak: "Nire amak ahal zuen guztietan laguntzen zion. Gustatu, eta Erizaintza eta Emagintza ikasi zituen Valladoliden".

Aramaioko emagina zen eta koaderno batean zituen idatzita esku hartzen zituen erditze guztiak: lehena, 1935eko martxoaren 8an; azkena, 1967ko abuztuaren 19an. Lana eten egin behar izan zuen, 1937an, faxistak Aramaiora sartu zirenean. 1940an itzuli eta lanari berrekin zion, modu ez-ofizialean, frankismoak emaginaren figura debekatu zuelako. Asko borrokatu ostean, 1949ko azaroan modu ofizialean izendatu zuten etxe-laguntza publikoko Aramaioko praktikante.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak