Barajuengo lanak esleitzeko aurrerapausoa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 3a, 12:10

Eguazteneko ezohiko osoko bilkuraren une bat. (Argazkia: I.A.A)

Astebetean bi osoko bilkura egin ditu udalbatzak, eta datorren astean beste bi egiteko asmoa dauka; besteak beste, Barajuengo urbanizazio proiektua esleitzeko kreditu txertaketa eta Palestinaren aldeko mozioa onartu dituzte.

"Presazko osoko bilkura berezia" egin zuen Aramaioko udalbatzak eguazten arratsaldean. Bost puntuko ezohiko bilkuran, Barajuen auzoko urbanizazio proiektua esleitzeko kreditu txertaketa onartu zuten, parte hartu zuten Udal Gobernuko bost kideren botoekin.

Asier Agirre alkateak azaldu zuen Arabako Foru Aldundiak epe bat jarri diola Barajuengo lanak esleitu ahal izateko, eta dirulaguntza bat ofizialki jaso gabe dagoelako egingo dutela 200.000 euroko kreditu txertaketa, lizitazioa atera ahal izateko: "Badakigu zuzendariak sinatuta duela, eta tramitazio egoeran dagoela. Aste honetan edo hurrengoan jasoko dugu. Bien bitartean, astebete hori ez galtzeko, 200.000 euroko kreditu txertaketa egingo dugu. Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza heltzen bada, kreditu txertaketa bertan behera geratuko da eta lizitazioa martxan jarri".

Eguaztenean onartu zituzten, baita ere, Eudeletik helarazitako Arabako Lurralde Historikoko udaletako Gizarte Zerbitzuen dokumentuak.

Iraileko bilkurak emandakoa

Halaber, irailaren 25ean egin zuten iraileko ohiko osoko bilkuran, eta Gazako genozidioa amaitu eta palestinar herriari laguntzeko mozioa onartu zuen udalbatzak. EAJk Palestinako auziaren bueltako mozioa aurkeztu zuen, baina ez zen onartua izan, eta, horren ordez, ekainaren 5ean Eusko Legebiltzarrean EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Sumarren babesa jaso zuen mozioa aurkeztu eta horixe onartu zuten. Hamalau puntuko adierazpena da, eta, besteak beste, "modu irmoan eta ñabardurarik gabe" gaitzesten du Israelgo Estatuak Gazako populazio zibil palestinarraren aurka egindako genozidioa.

Bestalde, alkateak dekretuen berri eman zuen, eta EAJ ez zen ados egon 248/25 eta 241/25 dekretuekin, haien ustez "kontratu zatikatzea" ematen delako: "Hori legez kontrakoa da, gure ustez". Hala, idazkariari txosten bat egiteko eskatu zioten. Eskari eta galderetan, jeltzaleek adierazi zuten Udal Gobernuak ez duela bete 2024ko aurrekontuetako Pedro Inazio Barrutia kalean barandaren jartzearen proposamena. EH Bilduk erantzun zuen esanez irisgarritasun balorazioa egin duela Hirigintza teknikariak, eta "paseo berri irisgarri bat" diseinatu dela, "zebra-bideraino", maldaren arrisku handiagatik.

Eguaztenean udalbatzak adierazi zuen datorren astelehenean eta aste amaieran ezohiko bilkurak deituko dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak