Palestinaren aldeko mozioa onartu du Aramaioko udalbatzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 29a, 13:14

Udalbatza, iraileko ohiko osoko bilkuran. (Argazkia: I.A.A.).

Hilaren 25ean egin zuen Aramaiko udaltzabak iraileko ohiko osoko bilkura. Bihar, urriak 1, presazko osoko bilkura berezia egingo dute, 18:00etan, pleno aretoan.

Irailaren 25ean egin zuten iraileko ohiko osoko bilkuran Gazako genozidioa amaitu eta palestinar herriari laguntzeko mozioa onartu zuen udalbatzak. EAJk Palestinako auziaren bueltako mozioa aurkeztu zuen, baina ez zen onartua izan, eta, horren ordez, ekainaren 5ean eusko legebiltzarrean EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Sumarren babesa jaso zuen mozioa aurkeztu eta horixe onartu zuten. 14 puntuko adierazpena da, eta besteak beste, "modu irmoan eta ñabardurarik gabe" gaitzesten du Israelgo Estatuak Gazako populazio zibili palestinarraren aurka egindako genozidioa.

Bestalde, alkateak dekretuen berri ematean, EAJ desados agertu zen 248/25 eta 241/25 dekretuekin, haien ustetan, "kontratu zatikatzea" ematen delako: "Hori legez kontrakoa da gure ustez". Horregatik, idazkariari txosten bat egiteko eskatu zioten. Eskari eta galderetan jeltzaleek adierazi zuten 2024ko aurrekontuetan onartu zen Pedro Inazio Barrutia kalean barandaren jartzearen proposamena udal gobernuak ez duela bete. EH Bilduk erantzun zuen esanez, irisgarritasun balorazioa egin duela hirigintzako teknikariak eta "paseo berri irisgarri bat diseinatu da zebrabideraino", maldak "arrisku handia" zeukalako.

Presazko osoko bilkura berezia bihar

Udalak gaur jakinarazi du bihar, urriak 1, udalbatzak presazko osoko bilkura berezia egingo duela, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Gai-zerrenda honakoa da:

  1. Osoko bilkurak bilkura premiazkoa dela erabakitzea.
  2. Barajuen auzoko urbanizazio proiektua esleitzeko kreditu txertaketa onartzea.
  3. 2025eko uztailaren 28ko ezohiko bilkuran hartutako 6. akordioa ezeztatzea.
  4. Biomasa eta URA proiektuetako Plegu administratiboak eta Teknikoak onartzea.
  5. Euldeletik helarazitako Arabako Lurralde Historikoko udaletako Gizarte Zerbitzuen dokumentuak onartzea honako ordenean Eudeletik helarazitako jarraibideekin: Lehenengoa, zerbitzuak eskuratzeko Erregelamenduak. Bigarrena, eskumenak eskuordetzeko Esparru-Hitzarmena eta Kudeaketa-Gomendioa. Hirugarrena, Ordenantza fiskala (horretarako ezarritako legezko prozedurari jarraitu beharko dio).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak