Gasteizen hasi du ikasturtea Papargorri abesbatzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 26a, 12:34

Papargorri abesbatzako kideak, zapatuan, Gasteizko Fernando Buesa Arenan. (Argazkia: Papargorri).

38 kide inguru izango ditu aurten ere Papargorri abesbatzak, eta dagoeneko ikasturteko lehenengo emanaldia egin du: zapatuan, Ura Bere Bidean Korala ikuskizunean hartu zuten parte, Arabako beste 700 ahotsekin batera.

Ura Bere Bidean Korala emanaldiarekin hasi du ikasturtea Papargorri abesbatzak. Fernando Velazquez konpositore eta orkestra zuzendariak moldatutako abestiak kantatu zituzten joan den zapatuan Arabako 700 abeslarik, eta tartean ziren Papargorriko 30 kideren ahotsak. Dagoeneko hirugarren aldia da Aramaioko taldearendako, baina aurtengoa "sekulakoa" izan da, Papargorriko zuzendari Larraitz Arriolabengoaren esanetan: "Iaz, 500 ahots izan ginen; eta aurten, 700. Alde handia egon da. Eszenatokiko abesbatza egoten da, eta hark eramaten du pisu handiena. Gero, haur eta helduen koruak egoten dira. Denak arabarrak".

Esperientzia "polita" bezala deskribatu du. Nabarmendu du Aramaio bezalako herri txiki bateko abesbatza batendako "apartekoa" dela halako muntaia batean parte hartzea. "Normalean lantzen ez ditugun kantuak abesteko aukera ematen dizu. Dagoeneko konponketa koralak eginda daude. Haika mutil abestu genuen, Izaroren Errefuxiatuarena, Celtas Cortos, Su Ta Gar...", dio Arriolabengoak.

Gainera, zapatuan Korala-ren aurretik, Gatibuk Agur Birako Arabako azken kontzertua eman zuen, eta ostean, Alex Sarduik kantatu zuen Arabako abesbatzekin, errepertorioan Bizkaiko taldearen abestien mix bat zutelako.

Kopurua mantendu egin da

Gaur egun, 38 kideren bueltan dabil Papargorri: "Duela urte batzuk oso gutxi ginen, baina duela urte batzuetatik kopurua mantentzen dugu, eta oso pozik gaude. 16 bat dira Lehen Hezkuntzakoak direnak, eta beste horrenbeste dira gazteak. Guk osotasun batean funtzionatzen dugu, horregatik gara 38. Kide batzuek ez dute abesten, baina taldean daude. Gauza asko daude egiteko, eta bakarrik ezin dut".

Hurrengo hitzordua urrian daukate, Aramaioko Jubilatuen Egunean. Herriko ohiko ekital- dietan ere ez dira faltako, eta otsailean, Arabatxok antolatuta, barnetegira joango dira kontzertu bat prestatzera. Horren ostean, ikasturte amaierako emanaldia prestatzen zentratuko dira.

Arriolabengoak talde-lana nabarmendu du; lantaldearen eta familien artekoa: "Adibidez, guk ez daukagu dirurik autobusa alokatzeko, eta orain, adibidez, Ura Bere Bidean proiekturako autoetan joan gara, gurasoak prest daudelako. Beti esaten dut eta esango dut Papargorri familia handi bat garela, eta denok garela garrantzitsuak gauza guztiak ondo ateratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak