Begirada kritiko-feministarekin irakurtzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 26a, 09:13

Aurreko ikasturteren bateko talde-argazkia. (Argazkia: Goiena).

Urriaren 6an hasiko du ikasturtea aramaioko irakurketa klub Feministak, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuarekin; emakumeei zuzenduta, guztira bi orduko bederatzi saio egingo dituzte, eta izen-ematea zabalik dago.

Aramaioko Irakurketa Klub Feministak prest dauka datorren ikasturtea. Ainhoa Aldazabal literatura kritikoak gidatuko ditu saioak, urritik ekainera bitartean, beste urte batez, eta lehen hitzordua jarrita dago: urriaren 6an, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Guztira bi orduko bederatzi saio egingo dituzte ikasturtean zehar.

Dagoeneko izena eman daiteke, berdintasuna@gorbeialdea.eus helbide elektronikora idatzita. Dena den, Aldazabalek aurreratu du ikasturtean zehar taldera batzeko aukera badagoela. Irakurketa taldearen helburuak dira euskaraz eta begirada kritiko-feministaz irakurtzea, literaturaz eta irakurtzeaz gozatzea, taldean batu eta elkarrekin hausnartzea.

Egonkortuta, baina ateak zabalik

Aldazabalek ez du gogoan Irakurketa Klub Feministaren ikasturte kopuru zehatza, baina hasieratik dago dinamizatzaile lanetan. Iazko ikasturteari dagokionez, azaldu du 12 pertsona inguruk eman zutela izena: "Dena den, saioetara ez dira guztiak etortzen. Azkenean, aisialdia da beraiendako, baina taldea nahiko egonkortuta dago. Hamabi horietatik zortzi-edo elkartzen gara saio guztietan". Aurten ere kopuru bera elkartzea aurreikusten du.

Nabarmendu du "oso gustura" elkartzen direla. "Urteak dira elkar ezagutzen dugula, eta elkarren gustuak ere ezagutzen ditugu. Dinamika ere ezagutzen dute, eta jende berria batzen da urtetik urtera", dio.

Saio bakoitzean liburu bat

Elkartzen direnetan Aldazabalek gomendatutako liburua eramaten dute irakurrita: "Proposamen aberatsak egitea gustatzen zait. Poesia, komikiak, euskaraz sortutako lanak, itzulpenak...".

Saioa partaideek liburuari buruz daukaten iritzia partekatuz hasten dute, eta ostean, liburuari "tripak ateratzen" dizkiote: "Liburuak edo autoreak zer esan nahi duen, zelako pertsonaiak sortu dituen, zer sorrarazi digun guri. Batzuetan, gehiago jotzen dugu eztabaida sozialera; bestetan, eztabaida literaioetara. Tokatzen den li- buruaren arabera, bigarren zatian nik hartzen dut hitza, liburua historian edo autorea bere testuinguru sozialean kokatzeko. Autorearen beste liburu batzuk ere aipatzen ditugu, edo autore horien antzeko gaia lantzen duten beste autore batzuen erreferentziak".

Urte hauetan guztietan, irakurritako zenbait libururen idazleak ere gonbidatu dituzte. Azken bi urteetan Miren Agur Meaberekin eta Uxue Alberdirekin izan dute aukera liburuaz berba egiteko. Aurten ere badu buruan Aldazabalek idazleren bat: "Ez da komeni oso altu esatea, baina, printzipioz, Miren Amuriza ekartzea da asmoa. Normalean, maiatzean edo ekainean etortzen direnez, oraindik ez dago lotuta. Otsailetik aurrera saiatuko gara lotzen".

Ikasturteko egutegia

Saioak astelehenetan izango dira, kultur etxean (18:00-20:00).

Egunak eta liburuak

  • Urriak 6 Eraikuntzarako materiala.
  • Azaroak 3 Ainhoa Aldazabalek eramango du liburua.
  • Abenduak 1 Detaile xume bat.
  • Urtarrilak 19 Barkamena existituko balitz bezala.
  • Otsailak 16 Zoriona, edo antzeko zerbait.
  • Martxoak 16 Hausnarrean.
  • Apirilak 20 Amorante frantsesa.
  • Maiatzak 11 Etxe bat norberarena.
  • Ekainak 1 Pleibak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak