Handik hona

Siham Ayady: "Gizakiak gara, berdinak, eta mundua partekatzen ari gara"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 22a, 08:27

Siham Ayadi, martitzen goizean, Aramaioko Santakurtz Abadearen plazatxoan. (Argazkia: I.A.A.).

2013an iritsi zen Debagoienera Siham Ayady (Ajdir Gzanaya, Maroko, 1989), eta gaur egun Aramaio bizileku badu ere, aurrez Aretxabaletan eta Arrasaten bizi izandakoa da.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Lehen Hezkuntzara arteko ikasketak han egin nituen. Herri txiki bat da, Aramaioren antzerakoa, baina Sefrou herrian amaitu behar izan nituen ikasketak. Familia guztia joan ginen. Batxilergoa izango litzatekeena ikasten hasi nintzen, baina ez nuen amaitu, Guadalajarara joan ginelako. 16 urte nituen.

Zergatik joan zineten Marokotik?

Nire aita Guadalajaran ari zen lanean, eta guztiok ekartzea erabaki zuen. Bost neba-arreba gara, eta hona etorri ginen, nire ahizpa nagusia izan ezik.

Aldaketa handia izan zen?

Bai. Beti etxean nengoen, eta hori izan zen niretzat aldaketarik nagusia. Guadalajarakoa herri txikia zen, hizkuntza ere ez nekien. Ez nintzen eskolara joan, batxilergorik ikasteko aukerarik ez nuelako herri hartan. Marokon ikasten ari nintzen, errutina bat nuen, baina hemen ezin izan dut horrekin jarraitu.

"Horrenbesteko askatasuna badago, zergatik ezin dut nahi dudan bezala jantzi?"

Nolatan Debagoienera?

Krisia iritsi zen, eta nire aitak enpresa utzi behar izan zuen. Hona etorri zen lanera, eta Aretxabaletan pisu bat hartu zuen. 2013an guztiok hona etorri ginen. Aretxabaletan zortzi urtez bizi izan nintzen. 2017an ezkondu egin nintzen, eta Arrasatera lekualdatu nintzen, 2023ra arte, banandu nintzen arte. Urte hartan Aramaiora etorri nintzen.

Aramaiotik zer duzu gustuko?

Natura. Lana aurkitzea, ordea, zaila da niretzat. Aramaion bizita, autoa behar dut bai edo bai, eta nik ez daukat. Hemen ez dago niretzako lanik. Hemengo bizilagunak oso jatorrak dira, eta oso gustura nago hemen.

Badago alderik Arrasaten edo Aramaion bizi?

Haurrak hazteko Aramaio hobea da. Oso lasaia da, ez daude haur asko. Niretzat, lanerako eta bizitza sozialerako Arrasate hobea da. Hemen oso ondo egoten da. Oso jende gutxik begiratzen zaitu hemen, eta ez zaituzte alde batera uzten.

Zure jaioterriko ohiturak mantentzen dituzu?

Bai; non zauden ez du axola. Islama praktikatzen dut etxean. Ikusten duzu... nire janzkera ere mantentzen dut.

"Oso jende gutxik begiratzen zaitu Aramaion, eta ez zaituzte alde batera uzten"

Inoiz arazorik izan duzu horregatik?

2013an etorri nintzenean, ez zeuden atzerritar asko Debagoienean. Begiradak ikusten nituen, gauzak ere esaten zizkidaten. Egoera asko hobetu da, baina jendeak kalean gelditu izan nau galdetzeko ea zergatik daramadan hijab-a.

Egoera deserosoa.

Bai; XXI. mendean bizi gara, 2025. urtean, eta askatasunari buruz asko hitz egiten da. Emakumeen askatasuna, bakoitzak nahi duena egin dezakeela, nahi duen arropa jantzi... Horrenbesteko askatasuna badago, zergatik ezin dut nahi dudan bezala jantzi? Zenbaitek esaten didate hijab-a eramatera behartzen nautela. Ni nahi dudan bezala janzten banaiz, ondokoari ze kalte egiten diot? Jendeak ez baditu beste herrialdeetako kulturak ezagutzen, halako pentsamoldeak ditu.

Kulturartekotasuna garrantzitsua da, beraz.

Jendea irekiagoa izatea ahalbidetzen du; pentsatzea eta esatea bakoitzak nahi duena egin dezakeela. Esatea guztiok pertsonak, berdinak, garela. Gizakiak gara, berdinak gara, eta mundu hau partekatzen ari gara. Oso abegitsuak gara.

Emakume migrantea izatea zailagoa da?

Emakume migrante musulmana. Oso zaila da. Emakume musulman asko daude hijab-a janzten ez dutenak eta aukera gehiago dituzte. Arraro begiratzen dizute hijab-a eramateagatik, penaz. Nik erlijioagatik daramat, fedeagatik, ez daukat senarrik edo aitarik zapia janztera behartzeko. Batzuek ulertzen dute, eta beste batzuek ez. Bakoitzak nahi duena pentsa dezala.

Maroko uztearen gogorrena zer izan zen?

Nire ahizpa han geratzea. Oso harreman estua genuen. Azkenean, bizitza guztia utzi nuen han.

Bisitan joaten zara?

Bai; ekainean ere hara joan nintzen. Arkumearen Festa han igaro dut; aurten, ordea, ez dugu ospatu. Arkume falta egon da Marokon, eta erregeak erabaki du inork ez ospatzea.

Etorkizunera begira zein asmo dituzu?

Nire semeagatik eta bere aita hemen bizi delako ezingo nuke alde egin. Nire gurasoak Frantzian bizi dira, eta nire semeagatik izango ez balitz haiekin joango nintzateke. Debagoiena gustuko dut, hemen bizitzera ohitu naiz, baina familiak asko lotzen zaitu.

Euskaraz eta identitateaz hitz egin du Siham Ayadyk

Marokotik irtenda, Guadalajaran ikasi zuen gaztelaniaz, baina Debagoienera etorrita saiatu zen euskararekin. Azaldu duenez, ordea, euskara ikastea "oso zaila" da harentzat: "Gauza gutxi ikasi nituen. Urtebetez aritu nintzen. Dudan adinarekin, ikasteko buru egokirik ere ez daukat. Aramaion berriro hasi naiz. Gainera, orain, herritarrok eskatu dugu hasiberriendako euskara ikastaroa, eta aurten izango ditugu".

Azaldu du Marokora itzultzen denean ez dela hango sentitzen: "Baina hemen ere ez naiz hemengo sentitzen. Agian, 9 urtez hara joan gabe egon eta gero, arraro sentitzen naiz. Beste era batera pentsatzen dute, beste era batera bizi dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak