Domekan ospatuko dute Aramaioko Sagardo Eguna, eta, azken urtetan bezala, herriko baserrietan eta etxeetan egindako sagardoa dastatzeko aukera egongo da bertako ekoizleen eskutik. Aurten, zortzi ekoizlek hartuko dute parte: Iñaki Errasti, Enrike Gardoki, Jabi Balanzategi, Juan Jose Yarza, Ana Martiarena, Adrian Abarrategi, Mikel Muñoz eta Manex Arriolabengoa. Edalontzia erosita, sagardo guztiak dastatzeko aukera egongo da. Horrez gain, plazan bertan sagar-zukua egingo dute, eta hori ere emango da probatzeko.
12:30ean Gesaltza fanfarrean kalejira izango da, eta ordu berean egingo dute txotx irekiera. Txotxa irekitzea herriko talde edo herritar jakin baten ardura izaten da, eta aurtengoa Udalak aukeratuta badu ere, adierazi du egunean bertan emango dutela aditzera. Txotxean herriko bertsolariek ere abestuko dute.
Hala, hasiera ekitaldiaren ostean, Lagun Artean dantza-taldeak Agurra eta Sagar-dantza dantzatuko ditu. "Hogei dantzari inguruk egingo dute dantza. Ekitaldi oso informala izango da, baserritar jantzi barik", dio dantza taldeko irakasle Ane Arrizabalagak. Gainera, urtero bezala, talo-postua jarriko dute.
Mendixolako dolarea, martxan
Sagar-jasotze garaiarekin batera, bihar zabalduko du Aramaioko Sagardogileen Elkarteak (ASE) denboraldia, zukua eta sagardoa egin nahi dutenen artean txandak emandaa. Aldez aurretik hartu beharko da hitzordua, 644 93 46 03 telefono-zenbakira deituta, eta, modu horretan, izena ematen dutenek aukera izango dute Mendixolako zentroa erabiltzeko. Aurreratu dute egubakoitzetan ez dela lanik egingo.
Mendixolako dolarea erabiltzeko aintzat hartzeko hainbat baldintza finkatu ditu ASEk. Zukua egiteko, gutxienez hiru lagun beharko dira; baita hango langilea ere, makinak puntuan jarri eta garbitzeko. Gutxienez, prentsaketa bakoitzak 500 sagar kilo izatea gomendatzen dute; gehienez ere, 700-750 kiloren artean. Edonork erabil dezake prentsa; izan ASEko bazkide edo ez. Alde bakarra prezioan egongo da, bazkideek merkeago egingo baitute zukua.
Ezin izango da inor upel barnera sartu. Onddoak ekiditeko gomendioak ere eman dizkiete erabiltzaileei: "Tarroak, garbitu berri, bero daudela bete. Tarroak ahalik eta gehien bete itxi aurretik. Gutxieneko tenperaturak 83 gradukoa izan behar du. Beratzen utzi, gutxienez, 15 minutuz".
Prezioak mantendu dituzte
ASEtik adierazi dute, prezioak mantendu dituztela: "Prezioak mantendu egin dira. Zukua egiteko gutxi gorabehera 1,10 euro botilako bazkideek; 1,50 euro botilako bazkideak ez direnek. Sagardoa merkeago noski, ez baita pasteurizaziorik, ezta botilarik edo taparik erabiltzen momentuan bertan".