Bihar abiatuko da azaroaren 15era arte iraungo duen Aramaioko XI. San Martin Txapelketa. 7 eta 16 urte bitarteko pilotariak lehiatuko dira, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan. Aurten, ordea, berritasunekin dator txapelketa: pilotari arabarrez gain, Leintz bailarako zenbait ordezkarik ere hartuko dute parte. "Orain arte, Arabako pilota elkarteetako pilotariek hartzen zuten parte. Aurten, ordea, Aretxabaletatik interesa agertu dute, eta Leintz bailarara ere zabaldu dugu", dio Aramaioko Pilota Elkarteko Alfonso del Campok.
Iazko 60 bikoteko kopurua gainditu, eta 87 bikote arituko dira. Aramaiokoak hamabi bikote izango dira, Arrasatekoak zortzi eta Aretxabaletakoak bi.
Norgehiagoka guztiak egubakoitz arratsaldeetan eta domeka goizetan jokatuko dituzte, Maider Unda pilotalekuan. Bihar arratsaldean, kadeteen hiru partida izango dira, 18:00etan hasita; domekan, 10:00etan, infantilak eta alebinak –hamar partida–.