Podiuma erabakita utz dezakeen rallysprinta

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 12a, 12:16

Gorka Idigoras, iazko Aramaioko rallysprintean.

Euskal Herriko txapelketako seigarren lasterketa da Aramaiokoa, eta sailkapen orokorreko lehenengo postua lortzeko lehia handia dago. Gorka Idigoras eskoriatzarra da liderra, baina gertutik jarraitzen diote hurrengo bi sailkatuek.

24. edizioa izango du aurten Aramaioko rallysprintak, eta goizean goizetik Euskal Herri osoko 53 pilotu eta kopilotu elkartuko dira lasterketako irteera-puntuan. 12:00etan hasita, lau txanda jokatuko dituzte pilotuek –bi lasterketaren noranzko batean eta beste bi kontrakoan–. Antolakuntzako kide Kepa Etxebarriak adierazi duenez, rallysprinteko "ohiko ibilbidea" egingo dute aurten ere; hala, guztira 31,2 kilometroko lasterketa izango da –txanda bakoitzean 7,8 kilometroko ibilbidea egingo dute lasterkariek–.

Bailarako ordezkaritza

Euskal Herri osoko lasterkariak batuko dira zapatuan Aramaion, eta, tartean, hainbat debagoiendar egongo dira: pilotuei dagokienez, honako hauek dira bailarako ordezkariak: Gorka Idigoras, Joseba Frutos, Jose Ferreira, Inhar Amenabar, Aimar Arriolabengoa, Mikel Alustiza, Jokin Mellado, Aritz Zubia, Mikel Oiarzabal, Gorka Urrutia eta Xiker Ayerza; kopilotuei dagokienez, berriz, Urtzi Kortazar, Maialen Lete, Maialen Ballina, Aritz Etxabe eta Gorka Dovao dira bailarako ordezkariak.

Sailkapena, estu

Euskal Herriko rallysprint txapelketaren barruan kokatzen da Aramaiokoa, eta aurtengo denboraldiko seigarrena da. Txapelketa bukatzeko Elgoibarko eta Intxortako lasterketak gelditzen dira oraindik, baina aurreneko hiru sailkatuen artean lehia handia egongo da podiumeko postuak erabakitzeko orduan. Gaur-gaurkoz, Gorka Idigoras eskoriatzarra da liderra, 91 punturekin, baina gertutik jarraitzen diote Alberto Marcos zumarragarrak –82 puntu– eta Aitzol Apalantza errezildarrak –74 puntu–. Hala, Aramaiokoa erabakigarria izan daiteke sailkapen orokorrari dagokionez.

Kaleak, itxita

Rallysprinta dela eta, Aita Gabirel Jauregi, Pedro Ignazio Barrutia eta Nardeaga kaleak zirkulazioari moztuta egongo dira lasterketak irauten duen bitartean. Bestalde, kale horietako eta kultur etxe osteko zein frontoiko aparkalekuek libre egon beharko dute 08:00etarako, antolakuntza-lanetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak