1970a ezkero, iraileko bigarren domekan ospatzen du Ibabeko Andra Mari Kofradiak bere eguna, eta domeka honetan ere ez da gutxiagorako izango. 11:00etan hasiko dute jaia, mokaduarekin, eta 11:30ean batzar nagusia egingo dute. Gero, 12:30ean meza izango da ermitan, eta ostean, 14:30ean bazkaria egingo dute. Arratsaldean, berriz, 17:00etan haurrek egurrezko jolasetan ibiltzeko aukera izango dute, eta 17:30ean adin guztiei zuzendutako Bolo Txapelketa izango da.
Kopurua, gora eta behera
Historian zehar aldaketak izan ditu Andra Mari Kofradiako kideen kopuruak. Gaur egun, 97 kidek osatzen dute, baina domekako batzar nagusian hiru kide berriren sarrera onartzen badute, ehunera iritsiko dira. Kofradiakoek adierazi dute 55 kide Aramaion bertan bizi direla; gainontzekoak, beste herri batzuetan. 2017an, ordea, 121 ziren, eta azaldu dute kontuan eduki behar dela gehienak adineko pertsonak direla.
Anekdotaren bat edo beste ere badute kideei dagokienez historian zehar. "Lehen Karlistaldiaren ondoren, asko jaitsi zen kide kopurua, eta 1846an estatutuak leuntzea proposatu zen, kofradiakide berriak sartzea errazteko. Aldaketen artean zegoen Aramaioko eta kanpoko pertsona guztiak kofradiakide izan zitezkeela".
Gaur egun, gura duena batu daiteke kofradiara. Horretarako, kideren batekin jarri behar du harremanetan, eta datu pertsonalak eta kontu korrontearen zenbakia eman urteko kuota ordaintzeko. Aramaioarrei dei egin diete izena emateko: "Herriaren ondarea da, eta interesgarria da mantentzea. Leku lasaia da, isila eta baketsua".
Helburuen bilakaera
XVI. mendean sortu zen kofradia. Zenbait aramaioar elkartu ziren Ibabeko Ama Birjina gurtzeko helburuarekin, baina, hasiera batean, kofradiako kide izan zitezkeen Aramaioko hijosdalgo deiturikoak; hijosdalgo izateko, mairuekin eta juduekin zerikusi genealogikorik ez izatea ziurtatzea beharrezkoa zen.
Dena den, 2016ko estatutu berriek 1904ko araudiaren "espiritu erlijiosoa" mantentzen badute ere, beste balio batzuk gehitu dituzte; besteak beste, solidaritatea, bizikidetza sustatzea eta askotariko balioak sustatzea. Baita Andra Mari ermita aisialdiko ekintzetarako uztea ere; betiere, ingurua errespetatuz. Esaterako, Eguzkierripa Rock jaialdia egiten da han.