Aimar Arriolabengoa: "Ea aurten txandak osorik bukatzen ditugun"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 12a, 10:07

Aimar Arriolabengoa.

Citroen AX1 autoarekin hartuko du parte Aimar Arriolabengoa pilotu aramaioarrak, bihar, Aramaixoko 24. Rallysprintean, eta kopilotu izango du Maialen Ballina; iaz, bigarren txandan erretiratu beharra izan zuten

Autoak gustuko ditu Aimar Arriolabengoak (Aramaio, 2002), eta 2022an hartu zuen parte lehen aldiz rallysprint batean. Bihar ere saiatuko da denborarik onena egiten, haren Citroen AX1 autoarekin, Aramaixoko 24. Rallysprintean, Maialen Ballina herrikidea eta laguna ondoan duela.

Rallysprinta bihar da; prest zaude? Nolakoak izaten dira lasterketa aurreko egun horiek?

Nahiko gogorrak izaten dira. Lan asko egin behar izaten dugu. Ibilbide-zatiak ondo prestatu, izapideak egin... Azken momentuan dena, baina nahikoa lan egin behar izaten dugu.

Kopilotu zein izango duzu?

Maialen Ballina aramaioarrarekin aterako naiz. Iaz ere nire kopilotua izan zen Aramaioko lasterketan, baina motorra apurtu zitzaigun eta bi txanda bakarrik egin genituen. Aurten ea txandak osorik bukatzen ditugun.

Aramaion izanda, ibilbidea ondo ezagutuko duzu; hori onerako edo txarrerako da?

Egoeraren araberakoa da. Konfiantza larregirekin joatea ez da ona izaten, eta ibilbidea ondo ezagutzeak konfiantza eman dezake. Eguraldi ona iragarri dute, momentuz, eta gogotsu nago aurtengo ediziorako.

Gogotsu zaudela esan duzu; zein helburu dituzu biharko?

Primerakoa izango litzateke nire maila irabaztea, eta sailkapenean ahalik eta gorenen geratzea espero dut. Lehen mailan lehiatzen naiz ni; auto txikiagoek hartzen dute parte kategoria horretan.

"Ibilbidearen zailtasunak aipatzekotan, saltoak aipatuko nituzke"

Puntu zailik badu ibilbideak?

Ibilbidearen zailtasunak aipatzekotan, saltoak aipatuko nituzke. Bihurgune askoko tartea da. Kopilotuaren oharrak ondo hartu behar dira eta nahastu barik aurrera joan, bihurgune artean erraz zabaldu dezakezulako norabidea.

Eta gustukorik?

Niri asko gustatzen zait Etxaguenera iristen garenean handik beherantz joatea kalera iritsi arte. Bihurgune asko duen tartea da, eta oso azkarra. Nire autoarendako abantaila da hori.

Orain arte, Citroen AX1 autoarekin lehiatu zara; aurten ere bai?

Bai; auto berezia da: oso arina, txikia... Gidatzeko dibertigarria. Sentsazio handiak ematen ditu. Askorik ez dabil, baina bai hasi eta bukatzeko moduan.

Zergatik aukeratu zenuen auto hori rallyetan lehiatzeko?

Ezin nuen besterik onartu diru aldetik momentu hartan. Lanean hasi nintzen, duala egiten, eta Citroen hori erosteko aukera sortu zitzaidan. Datorren urtera begira beste bat ari naiz prestatzen, baina poliki-poliki.

Aramaioko rallysprinta ikusteko tokirik onena zein da?

Nire ustez, onenetako bat saltoa izango da, Uribarri eta Arexola auzoen artean dagoena, eta ikuskizun-guneak ere badaude: Gantzagako eta deposituko bihurguneak, esaterako. Gustukoenak horiexek dira.

2025eko Euskadiko Txapelketako lau lasterketa jokatu dira; zer moduz doa denboraldia?

Ba, tira... Egia da Sabandon erretiratu egin beharra izan nuela, bigarren txandan motorrak botata utzi ninduelako. Dena den, lasterketaren batean junior mailan sariren bat lortu nuen. Iaz, adibidez, auto historikoen kategoria eta juniorrena irabazi nituen.

Elgoibarren eta Intxortan egingo dira hurrengo lasterketak; parte hartzeko asmorik baduzu?

Momentuz, zalantzak ditut. Lehendabizi, biharkoa ondo amaitu nahi dut, eta ondo bukatzen badut, agian, animatuko naiz. Ikusiko dut.

Rallyei begira, non entrenatzen zara?

Entrenatu, entrenatu... ez gara entrenatzen. Urtean zehar hainbat lasterketatan lehiatzen gara eta autoa probatzen dugu. Entrenatzeko oso zaila daukagu; adibidez, Miranda de Ebron zirkuitu itxi bat dago, baina gutxitan joaten gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak