Espainiako Gobernuak Statkraft enpresaren Itsaraz proiektua atzera bota eta hilabete gutxira, Aramaio eta Eskoriatza artean zentral eoliko bat egiteko eskaera egin du Alerion Spain enpresak. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren aldizkari ofizialetan jasota dagoenez, proiektuak bi aerosorgailu izango lituzke, 9,9 megawatteko potentziarekin, eta Durakogain, Ganborralde eta Asentsiomendiko mendikatean kokatuko lukete.
Hala, Aramaioko alkate Asier Agirrek azaldu du duela hiru bat hilabete aurkezpena egin zietela, baina Aldizkari Ofizialean agertzen denaz gain ez dutela informazio gehiagorik. Dena den, Itsaraz proiektuarekin izan zuen jarrera bera du alkateak: "Posizioa berbera da. Gertatzen dena da Euskal Herrian ez dagoela plan bat zehaztuta esaten duena zergatik leku batean interes orokorrekoa den. Azkenean, etekin ekonomikoa dute helburutzat. Proiektuak aramaioarrendako ez dakar ezer".
Gehitu du duten "informazio gutxiarekin" Udalean aztertu dutela gaia, baina momentuz ez daukatela alegaziorik egiterik, eperik ez dutelako zabaldu: "Baina hori tokatzen denean egingo ditugu gure alegazioak. Egin behar bada proiektu bat, denon artean zehaztu behar dugu. Herriak merezi du bere iritzia izatea. Plan bat behar da non, zergatik eta zertarako esaten duena. Hemen bizi garenok entzunak izatea nahi dugu".
Bi proiektuen arteko aldea
Itsarazen proiektuak zortzi aerosorgailu zituen, baina Alerion enpresaren proiektuak bi ditu. Aldea bolumenean dagoela dio Agirrek, eta susmoa du Alerionenak txikiagoak izango direla, baina ez dakite: "Alerion proiektu txiki batekin etorri da, baina txikia eurendako izango da. Bi aerosorgailu izatera, inpaktu bisuala txikiagoa izango da, eta lurreko erosioa ere bai, baina, edozelan ere, berdinak dira. Helburu eta formatu berbera dute. Gauzak ezin dira horrela egin".
Aramaixo Bizirik-en erantzuna
Alerion Spain enpresaren proiektua dela eta, berehala erantzun du Aramaixo Bizirik taldeak, eta salatu du Itsaraz proiektuak ingurumenean eduki zitzakeen ondorioak oinarri hartuta bertan behera utzi eta berehala bigarren proiektu hori etorri izanak age- rian uzten duela "trantsizio energetiko honen zentzugabekeria eta fartsa". Horrekin batera, adierazi dute borrokan jarraituko dutela.