Bigarren sutetik, bizilekua berreraikitzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 24a, 10:12

Obena baserriko Meritxel Laguillo, su hartu zuen teilatupean, astelehen arratsaldean. (Argazkia: I.A.A.).

Oletako baserrietako bat da Obena, eta azken 15 urteetan bi sute jasan ditu: bata, 2010eko apirilean; eta bestea, aurtengo maiatzean. Baserriko bizilagun Meritxel Laguillorekin egon da GOIENA, Obenan gertatutakoaz eta ostekoaz hitz egiteko.

Bi hilabete pasa igaro dira Oletako Obena baserria erre zenetik, baina oraindik ere erre usaina dago eraikinaren barruan. Kanpotik –teilatuan– eta sartu bezain laster ikusten dira sutearen kalteak: beheko pisuan, sua itzaltzeko urak eragindakoak; lehenengo pisuan, suaren belztasunak, eta bigarren pisua, guztiz kiskalita. Maiatzaren 11tik 12rako gaua ez dute ahaztuko Obena baserriko Meritxel Laguillok eta bere lau senideek.

"Nire semeak zarata entzun zuen goiko pisuan, aitona-amonen gelan. Uste zuen amona izango zela. Gora igo eta atea zabaldu zuenean, teilatutik sua zelan jausten zen ikusi zuen. Orduan, denok esnatu gintuen. Hasieran, etxeko baliabideekin saiatu ginen sua itzaltzen, baina ezin izan genuen ezer egin", dio. Oroitzapenak eta bizitza errauts bihurtuta, honako hau dio, sutondoan: "Zuk egiten duzun etxearen nortasunik ez dauka. Ez daukazu ezer. Ez da etxebizitza bat. Lau pareta dira". Alabaina, espero dute lanak irailaren erdialdera hasi eta Gabonetarako amaituta izatea.

Laguillok azaldu duenez, tximiniaren hodia eraikitzerakoan ez ziren bete beharrezko zenbait baldintza; besteak beste, egurrezko habearekiko distantzia: "Habea gertuegi zegoen, eta hilabeteak pasa ahala berotzen joan da, karbonizatzen, eta sua piztu zen. Momentu hartan, ez zegoen tximinia martxan. Kanpoko gauza bat izan zen, eta ez zegoen surik tximinian". Antza, "oso ohikoa" da arazoa.

Obena baserria teilatua erreta. (Argazkia: I.A.A.).

Antzerako bizipena birritan

Duela 34 urtetik bizi da Meritxel Laguillo Obenan, eta bigarren aldiz izan da sua baserrian; izan ere, duela 15 urte, 2010eko apirilean, baserrian sutea izan zen. Orduko hartan, "barrutik jausi zen etxea; askoz mingarriagoa izan zen. Ez genuen orain daukagun esperientzia ere. Oraingoan, denok atera gara hasieratik onik. Gogoratzen naiz aurrekoan falta zitzaizkigula amonarendako oinarrizko gauzak, haurrendako biberoiak...".

Emozionalki "gogorra" ari da izaten: "Nik 44 urte ditut, makilakada da, baina oraindik etorkizuna ikusten duzu. Nire gurasoek, ordea, 70 urte dituzte eta aurrekoa ere bizi izan dute. Gainera, orduko prozesua oso luzea izan zen; bost urte edo. Motxilan daramate. Hasieran, asko gogoratu ziren hartaz, eta sentitu zuten ez zutela hainbesteko indarra aurrera jarraitzeko".

Etorkizunera begira, beldurra "beti" dago, Laguilloren esanetan, baina, dioenez, ez dute inoiz pentsatu, esaterako, su-baxu bat kentzerik. Berriro ez gertatzeko segurtasuna bermatzea da gakoa. Suteak ondorioak ditu, eta duela 15 urte Laguillori gertatu zitzaiona orain semeari gertatzen zaio: "Kea ikusita, jakin arte nondik datorren, ezin zara lasai egon. Paranoia da. Uste duzu norbait arriskuan egon daitekeela eta zerbait egin dezakezula. Gerora, baretu egiten da".

Erre ziren hainbat gauza. (Argazkia: I.A.A.).

Etxekoen eta herritarren babesa

Laguillok eskerrak eman dizkie hasieratik lagundu, donazioak egin eta babes emozionala eman dieten guztiei. "Kalean norbaitekin elkartu eta besarkada bat edo animoak emateak edo mezua bidaltzeak pila bat laguntzen dizu. Bi hilabete igaro dira, eta jendea baretu egiten da; ahaztu egiten da. Zuk jarraitzen duzu zure motxila betearekin, eta jendeari ahaztu egiten zaio etxea erre zaizula. Normaltasunera heldu arte lan asko egin behar duzu. Gure jarrera da bizitzari aurre egin behar zaiola. Kalera atera eta disfrutatu egin behar dugu", azaldu du.

Obenabaserriazutik izeneko Instagram kontua zabaldu dute, eta, laguntza eskatzeko bidea izateaz gain, baserrian egiten dituzten aurrerapausoen erakusleihoa ere bada laguntzen duten horiendako. Gainera, Obenix giltzatakoak jarri dituzte salgai.

Azken urteetan Oletan lau etxetan gutxienez eragin dituzte kalteak suteek. Aramaioko Udalak jakinarazi du uda ostean suteen aurkako prebentziorako ikastaroren bat edo beste antolatuko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak