Aramaioko Kaleko 34. Margo Lehiaketa aldeketekin dator. Aramaioko Udalak herritarren parte hartzea handitu eta bultzatu nahi du, bereziki helduena, eta, "hausnarketa prozesu luze baten ostean, adituekin hizke- taldiak egin eta bilera ireki baten ostean", beste proposamen bat jarri dute mahai gainean: helduen kategoria bi lehiaketatan banatzea, hain zuzen.
Epe luzeko lanen lehiaketa izango da berria, eta parte-hartzaileek udan zehar egin ahal izango dituzte lanak. 16 urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte, eta horretarako asmoa dutenek datorren egubakoitzean, uztailaren 11n, zigilatu beharko dituzte euskarriak, Sastiñan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Urriaren 9an 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte margolanak, sinatu barik, eta hiru sari banatuko dituzte: lehen saria, 300 euro; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 100 euro. Parte hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du.
Eguneko lanak, urriaren 12an
Ohiko lehiaketa ereduari ere eutsiko dio Udalak, eta egunean bertan margotu beharreko artelanen lehiaketa urriaren 12an egingo dute. Kasu horretan ere, euskarriak Sastiñan zigilatuko dituzte egunean bertan, 08:30etik 10:30era, eta lanak ere han aur- keztu beharko dira, goiz berean, 13:30ak baino lehen. Lehiaketa horretan, 16 urtetik gorakoen eta 16 urtera arteko –2008an jaiotakoak barne– kategoriak bereizi dituzte, eta kategoria bakoitzak bere sariak izango ditu: 16 urtetik gorakoetan, irabazleak 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, 200 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. 16 urtetik beherakoetan, berriz, irabazleak, 150 euro; bigarrenak, 100 euro; eta hirugarrenak, 50 euro.
Epaimahaiak aukeratuko ditu onenak, eta sari-banaketa urria- ren 12an egingo dute, Sastiñan, 15:00etan. Aurreratu dute edukiera mugatua izango dela.
Erakusketa, hamar egunez
Egindako lanak ikusteko aukera egongo da, urriaren 13tik 23ra bitartean, eta, amaitzen denean, urriaren 31ra arteko epea izango dute margolanak jasotzeko.
Udalak azaldu du 16 urtetik gorako kategorietan irabazten duten lehen eta bigarren margolan sailkatuen "jabego osoa" Udalarena izango dela eta nahi duen erabilera emango diela. Zehaztu du margolanak erreproduzitu eta hedabide publikoetan zabaldu ahal izango dituela eguneko edo- zein medio, euskarri edo formaturen edo etorkizunean garatuko direnen bidez".