Papargorri abesbatzak ikasturte bukaerako emanaldia egingo du ekainaren 28an, zapatua, 18:00etan, kultura etxean sanmartinetako egitarauaren barruan. Azken urteetako ohiturari jarraituz, musikal edo film baten bueltako ikuskizuna taularatuko dute; zapatuan, Life is a Cabaret.
Larraitz Arriolabengoa zuzendariaren gidaritzapean arituko dira 37 gazte inguru, eta zuzendariak adierazi du aurtengo gaia "dentsoa" dela. Filma izango da ildoa, baina aurreratu dute ez dutela pelikula egingo, "ez delako umeendako filma". Kabareta "gune aske" moduan planteatuko dute, arnasgune moduan. "Gure inguruan dauden arazo guztiak kanpoan uzten ditugu, eta, antzokian sartzen garen unean, arnasteko eta hausnartzeko leku bat izatea nahi dugu gure kabareta. Munduan dauden edo egon diren zazpi arazo hartu ditugu", dio Arriolabengoak.
Besteak beste, gerra zibileko fusilamenduak eta Palestinako gerra landuko dituzte abestiekin; sexuagatik diskriminatuta dau- denei ere egingo diete keinu. Aurreratu du Palestinari erreferentzia egiten dion kantua "hunkigarria" izango dela. Dena den, Cabaret filmeko Cabaret eta Willkommen abestiak interpretatuko dituzte. Idoia Asurmendi egongo da emanaldian zehar pianoarekin laguntzen.
Kide kopurua, goraka
Arriolabengoaren esanetan, "geroz eta konplikatuagoa da" kultura etxeko eszenatokian sartzea, partaide kopurua gorantz doalako: "Iaz, pila ginen eszenatokian, eta ez ginen sartzen. Aurten, apur bat gehiago gara". Horregatik, Udalari "plataforma berezi" batzuk eskatu dizkiote.