Aramaioko, Otxandioko, Ubideko eta Legutioko gazteak elkartuko dira bihar, Aramaion, Gazte Mugakideen Egunaren bigarren edizioa ospatzeko. "Goiko herriekin kontaktua sortzeko eta aurretik sortuta zegoena mantentzeko" antolatu dute egitarau bateratua, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako (ATGA) kide Sabin Abarrategik aurreratu duenez.
Iaz Otxandion elkartu ziren, eta, Abarrategiren ustetan, herri hark izan zuen ekitaldia antolatzeko ideia: "Kontaktua bageneukan. Askotan joaten ginen haien egitarauetara, eta esango nuke, gutxienez, azken hamarkadetan batera ezer egin barik geundela. Agian, lehen bazegoen kontaktu gehiago, baina denborarekin galdu egin da; zaintzen ez dena galtzen den moduan. Bada, hori berregiteko asmoz, iaz batu ginen eta pentsatu zen asanbladetatik egun batean gorpuztea herrien elkartasuna".
Antolakuntzara batzeko deia
Aldarrikapenetik ere izango du jaiak. Gazteok antolatzeko beharra izango dute ardatz, eta gai hori landuko dute goizeko solasaldian gaztetxeetako eta asanbladetako kideek; berrituko duten ATGAren horma-irudian ere esaldi hori idatziko dute.
Sabin Abarrategik adierazi du garrantzitsua dela gazteak antolakuntzara batzea: "Azkenaldian ikusten duguna da berdin duela nork zer antolatu. Nork bere plana egiten du, eta, askotan, halako kolektiboak geratzen gara bigarren plano batean, jendearen premian. Ez daude guri begira, eta ikusten dugu garrantzitsua dela, gutxienez, antolakuntzara batzea". Abarrategiren iritziz, "antolakuntzara batze" hori "ez da beti" antolakuntza taldean egotea; antolatutako ekintzetara joatea ere bada. Gainera, premiazkotzat jo du hori herri txikietan, "eskaintza askorik ez dagoen herrietan, zaindu egin behar delako zer egiten den eta zer ez". Asmoa ere bada herri txikiak zentralizatzea: "Denok joaten gara Arrasatera, Gasteizera, Bilbora... baina herrian eskaintza geroz eta txikiagoa den garaian, deitzen dugu herriko gazteria ekintzak antolatzera eta herriari bizitasuna ematera".
Lau herrien egitarau bateratua
Otxandioko egitarauaren bide berekin jarraituko dute aurten. Solasaldiarekin hasiko dute eguna, eta, ostean, partaide guztien artean berrituko dute asanbladaren mural zaharra. Bertso-bazkarian 50 lagunetik gora elkartzea espero dute, eta Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi eta Anitz Abarrategi arituko dira bertsotan. Arratsalde partean, Olinpiadak egitea pentsatuta bazuten ere, ziurrenik, Aramaioko Pilota Txapelketako finalerdietako partidetara batuko dira. Gauean, musika urbanoak girotuko du festa.
Egitaraua, osorik
Honako egitarau bateratu hau antolatu dute biharko Gazte Mugakideen Egunerako:
- 11:30 Solasaldia parkean: Gazteok antolatzeko beharra. Eguraldi txarra bada, kultura etxean. Asanbladetako kideek hartuko dute parte.
- 12:30 Mural-margotzea.
- 14:30 Bertso-bazkaria, eskolan. Bertsolariak: Aroa Arrizubieta, Peru Abarrategi eta Anitz Abarrategi. Bazkarirako txartela behar da.
- Ostean, mahai-jokoak.
- 18:00 Olinpiadak.
- 22:30 Kontzertuak: Funax, Barrena, Randa eta Emblesko. DJ Shoes Guate-k.