Energia-burujabetza: herritik, herriarendako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 23a, 14:06

Aramaioko Zalgo auzoa. (Argazkia: Andoni Goiti).

Lehen sektorea ardatz hartuta, energia-burujabetzarako bidean dago murgilduta Aramaio; herrian ekoiztutako produktuak herrian banatzeko bideak zabaldu nahi ditu, eta energia-komunitatea sortzeko lanean ari da hamaika laguneko talde bat.

Aramaio landa-eremua izanik, betidanik izan du lotura zuzena lehen sektorearekin. Duela 15 urte inguru, lehen sektorea dinamizatzeko prozesua jarri zen martxan, Udalaren eta herritarren lankidetzarekin, elikadura-burujabetzaren bueltan. Mugimenduak fruituak eman zituen eta hainbat elkarte jarri dira martxan. 

Dena den, lehen sektoreak ere bilakaera izan du herrian. Gaur egun, herritar gutxi aritzen da lehen sektorean lanean profesionalki, baina Aramaioko Udaletik adierazi dutenez, badago profil bat, etxetik kanpo lan egin ostean, etxean ekoizpen txikiak mantentzen dituztenak. Hala nola, etxeko baratzak, sagastiak, artaldeak... "Landatasun kultura bizirik dago Aramaion, eta gure nortasunaren parte da. Garrantzitsua da hori mantentzea, ikustaraztea eta balioa ematea. Aramaiok duen indargunea da hori", azpimarratu dute.

Burujabetzaren bideko ertzak

Gaur egun, Aramaion hainbat eragile ari dira lanean landa-eremuari lotutako jarduera ezberdinetan. Batetik, Arbel kooperatiba. Lehen sektorea hornitzen 40 urte baino gehiago daramatza, eta han pentsuaz gain, nekazaritzarako, abeltzaintarako eta basogintzarako produktuak aurkitu daitezke.

Bestalde, basogintza, ikerketa eta hezkuntza ardatz dituen aholkularitza kooperatiba da Errez. Besteak beste, hango kide Iñaki Etxebesteren esanetan, Tantai Baso Jabe Kooperatibaren eraketan edo Aramaioko Herri lurren kudeaketa plana idaztean basogintza ereduaren eraldaketaren beharra praktikan jarri du Errez kooperatibak.

Aramailur kontsumo elkarteak ere duela 12 urte jarri zuen martxan ekonomatoa Aramaion ekoiztutako elikagaiak herritarren eskura jartzeko helburuz eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanak indartzeko. Gainera, azken asteetan eskatu dute baserrian ekoizten diren produktuak ekonomatora eramateko: "Etxerako ekoizpenak dituenak soberakinak badauzka, ekonomatora ekarri ditzake. Nolabait balioan jarri nahi dugu herrian ekoizten den produktua eta herritarren eskura izateko leku fisiko bat eskaintzen dugu. Gaur egun, badaude hainbat produktu ekonomatoan, baina, bereziki, barazki eta fruta gehiago jasotzeko ahalegina egiten ari gara".

Energia-komunitatea, lanean

Aramaion ere ari dira energia-komunitatea sortzeko bidean; izan ere, hiru hilabeteko ibilbidea du, eta lanean hasita daude. Hamaika laguneko talde motorra dago martxan. Maite del Rey da talde motorreko kideetako bat eta adierazi du beste komunitate batzuen antzera gizartea antolatzeko "modu berri bat" bilatzen dutela. Horretarako, Goienerren prestakuntza jaso dute komunitateen oinarriak ezagutu eta Aramaion landu ditzaketen proiektuak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzeko.

"Helburu nagusia Aramaiorako energia eredu justuagoa proposatzea da, herriko autokontsumoa bultzatuko duena eta ingurumenean inpaktu txikiagoa izango duena. Horretarako, Eskoriatza, Otxandio eta Elgetako energia komuniateekin harremanak hasi ditugu, horien funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko asmoz eta komunitatearen ideia indartzen duen sare bat sortzeko asmoz", dio del Reyk.

Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sarea

Aramaioko Udalak azpimarratu egin du lehen sektorean lanean ari diren eragile guztien lana: "Herrigintza egiteko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea sustatu eta Udalaren eta herriko eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatzea. Aramaioko Udalak, egun, lehen sektorean dagoen energia hori herri ekimen batera bideratu nahi du. Aramaion lehen sektoreak eskaintzen duenari bideak ireki behar zaizkio". 

Halaber, apirilean Urduñan izan ziren udal ordezkariak lehen sektorean, basogintza arloan eta energia alorrean lantzen ari diren proiektu estrategikoa ikusten.

Gainera, Estatuko Herri Agroekologikoen Sarera gehitu da Aramaio. Udaletik azaldu dutenez, besteak beste, elikadura-burujabetzaren eta agroekologiaren  inguruan konpromisoa duten herrien estatu mailako sarea da, eta Urduñatik jaso dute elkartera sartzeko gonbidapena: "Sarearen ikuspegia, batez ere, praktikoa da, esperientziak partekatzera eta erakunde horiek pairatzen dituzten arazoetarako irtenbide berritzaileak elkarlanean garatzera bideratzen baitu bere lana. Sarean gure esperientziak partekatu eta beste esperientzia batzuetatik ikasteko aukera izateak babesa emango dio udalari bere bidean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak