Gazte gara gazte

Lur Ezpeleta: "Soinu-teknikarioi ere gustatzen zaigu parranda egitea"

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 13a, 13:00

Lur Ezpeleta del Rey, soinu-teknikari lanetan.

Batxilergoko ikasketak bukatu, eta soinu-teknikari lanean hasi zen Lur Ezpeleta del Rey (Aramaio, 2004). Euskal Herriko plazak bisitatzea ahalbidetu dio horrek, baina gaur egun Robotikako gradua ikasteari ekin dio; hori bai, musika alde batera utzi gabe.

Meatzerreka auzoan bizi zara, baina baserritarra ala kalekumea zara?

Zaila egiten zait esatea; izan ere, bizitza osoa daramat baserrian bizitzen, bai Aramaion eta baita Arrasaten ere, baina egia da sekula ez naizela izan oso baserritarra. Noizbehinka lagundu izan dut etxean, baina gehiago jo izan dut kalera.

Zergatik erabaki duzu Robotikako gradua ikasten hastea?

Batez ere, ikasketaren bat edukitzearren. Batxilergoaren ostean selektibitatea bukatu eta lanean hasi nintzen, eta harrezkero ez dut ezer ikasi. Robotika aukeratu nuen, inongo arrazoirik gabe, baina konturatu naiz asko gustatzen zaidala.

Soinu-teknikari ere badiharduzu; ikasketarik egin duzu?

Kasualitatez hasi nintzen horretan. Arrasateko gaztetxean militatzen hasi nintzen duela urte batzuk, eta talde teknikokoei laguntzen hasi zen guztia. Lagun bati mesede bat zor nion, eta kontzertu baten soinu-teknikari laguntzea zen kontua. Orduan hasi nintzen, eta dagoeneko hiru urte daramatzat Euskal Herriko plazak eta festak ezagutzen.

Euskal Herriko zer festatan gozatu duzu gehien?

Zaila da esatea; herri guztietan daude jai izugarriak, eta ezingo nuke aukeratu. Esango dizut nongoak ez zaizkidan gustatzen: Bizkaikoak. Folklorea larregi gustatzen zaie, eta, giro ona egoten den arren, ez dira nire gustukoak.

Musikariek kontzertu ostean askotan egiten dute parranda; zuk ere izaten duzu horretarako tarterik?

Musikariek badute ospe hori, eta soinu-teknikarioi ere gustatzen zaigu; kar-kar. Musikariekin eta lankideekin trago pare bat hartzeak ez du kalterik egiten; kar-kar.

Zer talderen kontzertuetan gustatuko litzaizuke teknikari izatea?

Askotariko musika gustatzen zait, eta zaila da bakarra aukeratzea. Badago talde bat niretzat zuzeneko produkzio handiena duena: Alemaniako Rammstein taldea. Sekulako ikuskizuna antolatzen dute, eta lantalde izugarria dago atzetik. Eurentzat soinu-teknikari edo eszenatokiaren beste aldean lan egitea izugarria izango litzateke.

Baduzu musikatik kanpoko zaletasunik?

Nire alde frikia ere badut, eta, noizbehinka, ordenagailuan jolastea ere gustuko dut. Gau batzuetan litxarreriak erosi eta ordenagailu parean botatzea gustuko dut. Horrez gain, kozinatzea eta gauza berriak probatzea ere oso gustuko dut.

 

MOTZEAN

Musika-talde bat? Kyuss.

Janari gustukoena? Cevichea.

Aramaioko festak ala sanjuanak? Aramaioko festak.

Bidaiatzeko toki bat? Costa da Morte (Galizia).

Basamortura zer? Gitarra eta fuzz-pedala.

Patata-tortilla nola? Tipularekin, mesedez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak