Julen Olaizola: "Hasieratik garbi genuen: aurten, zergatik ez?"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 13a, 10:22

Julen Olaizola. (Argazkia: J.O.).

Arabako lehen Pilota Herriartekoa irabazteko aukera izango du Aramaiok domekan; bost urtez taldea osatu gabe egon ostean, finalerako sailkatzea lortu du historian, bigarren aldiz.

Aurreko egubakoitzean, 1-2 irabazi zion Aramaiok Amurriori Pilotako Herriarteko finalerdia, eta domekan jokatuko du finala, Agurainen kontra, Gasteizko Ogeta frontoian, 10:30ean. Finalaren atarian, Julen Olaizola entrenatzailearekin (Aramaio, 2003) egon da GOIENA.

Bost urteren ostean, taldea osatu duzue eta, gainera, finalerako sailkatzea lortu; espero zenuten?

Ez da erraza izan, baina talde ona daukagu. Markel Arriolabengoak eta Asier del Campok bikote ona egiten dute nagusietan. Gero, Eñaut Moto ere oso ondo dabil Euskal Herri mailan, eta oso fitxaketa ona da. Araban ikusten zen, agian, gure aukera izan zitekeela. Hasieratik garbi geneukan: aurten zergatik ez?

Txapelketa nola baloratzen duzu?

Ilusio puntua izan du. Bost urte parte hartu gabe, eta aurten, Aramaio izenarekin Araba mailan goialdean kokatu gara. Gainera, Herriartekoa irabaziz gero, Euskal Herrikora pasako ginateke. Asko da; ez bakarrik guretzat, herriarendako ere bai. Zure izena entzuten duzu kanpotik, eta hori garrantzitsua da.

Agurain ezagutzen duzue, ligaxkan zuen multzoan baitzegoen.

Nahiko pilotari ordezko dauzka. Gure aurka Aguraingo pilotaririk onena, David Uribe, falta zen. Horrek ez du esan nahi besteak onak ez direnik. Finalean, ziurrenik, egongo da. Badakigu partidu ezberdina izango dela. Finala ondo jokatu beharko da. Agurainekin broma gutxi dago.

Aramaiok ez du Herriartekorik; domekakoa bigarren finala izango da.

Urte asko pasa dira. Aurten ikusten zen talde onarekin aukerak egongo zirela; Amurriori irabazita esan dugu lana ez dela bukatu.

Sei pilotari, baina zu aulkian; zertan oinarritzen da zure lana?

Nire lana da konfiantza eta lasaitasuna transmititzea. Saiatzen naiz lasaitzen, kanpotik zelan ikusten den esaten. Beste aurkari batzuk ere ezagutzen ditut, eta zer egin esaten diet.

Urtea borobiltzeko txapela falta da?

Urte oso positiboa izan da. Ez bakarrik Herriartekoagatik, baizik eta ume askok eman dutelako izena. Oso motibatuta daude, eta hori da garrantzitsuena. Senior maila oso goian dago, baina hamar urtean hori ez bada hazten, ez da erraza. Gure esku dago ume horiei laguntzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak