Kantari eta kontu kontari, Bittor Kapanaga oroituz

Hasier Larrea 2025ko eka. 8a, 12:25

Gontzal Mendibilek, Joseba Sarrionandiak eta Xabier Amurizak Otxandioko druidari omenaldia egin diote Aramaioko Kultur Etxean, Musika Astearen baitan, Kapanagaren jaiotzaren 100. urteurrena abiapuntutzat hartuta.

Bittor Kapanagak euskalgintzari Bagare abestia idaztea baino askoz ekarpen handiagoa egin ziola erakutsi du hirukoteak beso-zabalik hartu duten aramaioarren aurrean. Ordu eta erdiko saioan, otxandiar idazle eta filosofoa nolakoa zen azaldu dute Mendibilek eta Amurizak, eta Sarrionandiak ere haren ilobarekin bizi izandako anekdotak kontatu ditu. Gainera, hainbat paralelismori buruz mintzatu da –hala-nola koloniaren esanahia, euskararen altxor-izaera...–, Kapanagaren pentsamendua oinarri hartuta. 

Mendibilek kantu batzuk abestu ditu gitarrarekin, batzuk Kapanagarekin sortutakoak. Amurizak Barajuengo Jose Luis lagunari eskaini dio, asko abesten zuelako, Nando Aguerosen Vientos del Norte kantuaren euskal itzulpena, Amurizak berak itzulitakoa: Ipar-haizeak. 

Txalo zaparrada artean bukatu da Aramaioko aurtengo Musika Astearen azken bigarren saioa. Gaur, Itoitz udako sesioak dokumentala proiektatuz borobilduko dute ekimena, 19:00etan, Kultur Etxean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak