Sendo jarraitzen du Aramaiok Arabako Herriarteko Pilota Txapelketan; izan ere, joan den domekan Araiari 0-3 irabazita, finalerdia jokatuko du gaur, arratsaldeko zazpietan, Amurrion. Esku-eskura daukate finala jokatzeko txartela, finalaurrekoak irabaziz gero ekainaren 15ean Gasteizko Adurtzako frontoian izango den finala jokatzeko aukera baitu Aramaiok, Agurainen edo Argantzunen kontra.
Hala ere, ez da pilotak Aramaion utzi duen berri on bakarra, joan den zapatuan Itsaso Uribarrenek eta June Armendarizek Autonomia Erkidegoko Eskolartekoa irabazi baitzuten, haurren kategorian. Bestalde, bihar, zapatua, Eskolarteko Promozio Txapelketako finalak jokatuko dituzte, Gasteizen, benjamin, kimu eta haur mailetako pilotariek, eta Aramaioko Pilota Elkartekoek adierazi dute maila guztietan bikote bat daukatela finalean.