Gontzal Mendibil: "Filosofoa zen, eta 'euskal Sokrates' deitzen genion"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 6a, 08:42

Gontzal Mendibil, Arrasateko Amaia antzokian. (Argazkia: GOIENA).

Musika astearen barruan, Mendibilek, Amurizak eta Sarrionandiak Bittor Kapanaga izena eta izana ikuskizuna egingo dute bihar, Aramaioko kultur etxean, 19:00etan. Sarrerak hiru euro balio du, eta jasotako dirua Musika Etxera bideratuko da.

Gertutik ezagutu zuen Gontzal Mendibilek (Zeanuri, 1956) Bittor Kapanaga (Otxandio, 1925-2011) pentsalari eta euskaltzalea. Besteak beste, elkarrekin sortu zuten Bagare abestia, Oletako Apieta baserrian. Mendibilek 2019an argitaratutako Bittor eta biok liburua oinarri hartuta, "kontu kantari" omenduko du bihar, Joseba Sarrionandiarekin eta Xabier Amurizarekin batera.

Pentsalaria, euskaltzalea, euskalduna... Kargu askoko gizona zen Kapanaga; nor zela esango zenuke?

Izen asko esan ditzakegu berataz, baina, batez ere, euskaltzale amorratua, euskararen ikertzailea, eta beti esan dugu pentsalaria zela. Euskal Sokrates deitzen genion. Psikologoa ere bazen. Errenazimenduan egoten ziren halako gizon jakintsuak. Druida esaten zion Joseba Sarrionandiak. Autodidakta zen, baina oso kultua.

Zer-nolako harremana zenuten?

Maisua izan da. Bilbon hasi nintzen unibertsitatean, eta Bilbora etortzen zen astero, Euskaltzain- dira, dokumentuak euskaratzen baitzituen. Nik harekin ezagutu nituen orduko Euskaltzaindiko kideak: Txillardegi, Gabriel Aresti... Kapanagak historia zuen maite; batez ere, euskara.

Euskara maite zuela diozu.

Hark esaten zuen gure euskarak munduari gauza asko azaldu zitzaizkiokeela. Meritu handia zuen eta erreferente handia izan da, baina, askotan gertatzen den bezala, ezkutuan geratu da. Pentsamenduan oso abila zen eta euskara batuaren sorreran egon zen. Gogoratzen dut unibertsitatean geundela debelopamendua hitza erabiltzen genuela. Ingelesetik eta frantsesetik zetorren, eta hark sortu zituen garatu terminoaren adierak, adibidez. Beti zioen munduan zehar badaudela euskal toponimoak eta ez dela gu han egon garelako. Ni Georgian egon naiz eta ikusi ditut euskararen parekoak. Litekeena da duela 6.000-8.000 urte euskararen familiako hizkuntzak egotea Europan. Geratu den irla bat gara, zorionez.

Gontzal Mendibil: "Beti esaten zuen: 'Araban salbatzen bada euskara, euskara salbatuta dago"

Aramaiorekin baduzue lotura biok; besteak beste, Oletan sortu zenuten Bagare.

1974ko abenduan, Oletan zuen baserrian elkartu ginen. Frankismopean geunden eta gure aldarria beti zen euskara. Etorri handia zeukan idazteko eta hitzak egiteko, eta ni gitarra jotzen hasi nintzen. Hark beti esaten zuen: "Araban salbatzen bada euskara, euskara salbatuta dago". Araba da gunerik garrantzitsuena, eta buelta eman dio.

Bittor Kapanaga izena eta izana taularatuko duzue zapatuan; zer ikusiko dute ikusleek?

Joseba Sarrionandia, Xabier Amuriza eta hirurok nor bere esparruan arituko gara. Nik azalduko dut nola ezagutu nuen, baina, batez ere, harekin sortutako hainbat kantu abestuko ditut. Amurizak ere asko dauka esateko: nola ezagutu zuen edota ze ekarpen egin dituen. Sarrionandia idazle fina da, eta Bittor Kapanaga gure euskal kulturarendako zer zen eta zer den azalduko du. Ordu eta erdian kontu kantari ibiliko gara. Esandakoa. Badakigu Bagare letraren egilea zela, baina askoz gehiago da, eta horri buruz arituko gara.

Balioko du ikuskizunak ezkutuan dagoen Kapanaga ikustarazteko?

Herrian badauzkagu erreferente handiko pertsonak. Bat Bittor Kapanaga da, eta begi-bistan jarri behar dugu. Ezagutu dugunok, kasu honetan hirurok, nork bere aldetik egingo dio gorazarre. Zalantzan jartzen ziren esan zituen gauza asko egia bihurtu dira. Haren pentsamoldea ez zen batere dogmatikoa. Hemen dogmapean denok bizi izan gara, euskal munduan, filologian... Askotan pentsatu izan dut dokumental bat egin beharko litzaiokeela.

Otxandiotik, azken hatsera arte

Kapanaga eta Mendibil, 2011n, Otxandioko zaharren egoitzan. (Argazkia: G.M.).

1974an Otxandioko santamañetan ezagutu zuten elkar. Kapanagak egin zion lehen galdera izan zen: "Nork egiten dizkizu kantuak?". Ordutik, behin baino gehiagotan elkartu ziren, kanturen bat edo beste egin eta hausnarketak partekatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak