Hipereskalako datu zentroen ezarpenaren aurkako mozioa onartu du Aramaioko udalbatzak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 30a, 13:02

Atzo Aramaion egin zuten osoko bilkurako une bat. (Argazkia: I.A.A.).

Atzo, eguena, egin zuen Aramaioko udalbatzak maiatzeko ohiko osoko bilkura. Adierazi zutenez, hipereskalako bi datu zentro daude eraikitze bidean, eta haien aurkako mozioa onartu zuten EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren aurkako boto batetik. Bilkuraren amaieran, eztabaida sortu zuen Aramaioko Udalak maiatzean izan dituen bi epaiketen gaiak.

Bost puntu zituen atzoko plenoak, eta horien artean zegoen hipereskalako datu zentroen ezarpenaren aurkako mozioa. Udal gobernuak alde bozkatu zuen, eta EAJk kontra; izan ere, ordezkatze-zuzenketa egitekotan geratu zen. Libe Ramila zinegotziak irakurri zuen mozioa, eta azaldu zuen, halako bi datu zentro daudela eraikitze bidean Araban, "energia eta errekurtso kontsumo handikoak direnak eta ez diotenak gure lurraldearen beharrizanei erantzuten". Batetik, Merlin Properties enpresak Edge Energy enpresarekin sustatutako Bilbao-Arasur Data Center Campus deiturikoa, 300 MWko gaitasuna izango lukeena, eta "estatu mailako handiena izango litzatekeena". Bestetik, Solariak sustatutakoa. "225 MWko gaitasuna izango luke, baina, orotara, jakin izan dugu Solariak guztira 825 MWko gaitasuneko datu zentro ezberdinak ezarri nahi dituela EAEn, gehienak Araban aurreikus daitezkeenak. Araba osoko urteko argindar kontsumoa bikoiztuz".

Hala, Aramaioko Udalak mozioaren bidez kontrakotasuna adierazi du Araban ezarri nahi dituzten halako datu zentroen proiektuei. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hipereskala eta eskala handiko datu zentroen garapena mugatzeko eta datu zentroen garapen orekatua gauzatzeko neurriak hartzeko. Hirugarren puntuan, jaso zuten Eusko Jaurlaritzari egindako beste eskaera bat; lurraldean ezar daitezkeen energia berriztagarria ekoizteko egitasmoek hipereskalako datu zentroak elektrikoki ez elikatzeko.

Aramaioko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hipereskalako datu zentroak elektrikoki elikatzera bideratutako proiektuetatik kanpo geratzeko eman beharreko urratsak emateko, arreta berezia jarriz Solariarekin batera sortutako Indarberri sozietateari. Mozioa eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta Legebiltzarreko Eta Arabako Batzar Nagusietako talde politikoei helaraziko diete.

Galderak eta eskaerak

Bukaeran, eskari eta galderen tartean, herritar batek hartu zuen hitza. Batetik, udal gobernuari eskatu zion azken hilabeteetako osoko bilkuren aktan herritarren eskura jartzeko, webgunean urtarrilera bitartekoak daudelako. Bestalde, Aramaioko Udalak azken 10 egunetan izan dituen bi epaiketei egin zien erreferentzia, "osoko bilkura batean ere ez zaielako aipamenik egin" herritarrak azaldutakoaren arabera. Gaiak eztabaida sortu zuen herritarraren eta udal gobernuaren artean.

Kultur etxeko bi langilek Aramaioko Udalaren aurkako salaketaren epaiketa urrira atzeratu da, eta euskara teknikariarena, berriz, epaiaren zain geratu da. Asier Agirre Aramaioko alkateak adierazi du gai juridikoak direla, eta abokatuen eskutan dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak