Aramaixo Herri Eskolako aterpeak Iban Urreta Mutikokristal aretxabaletarrak egindako bi horma-irudi berri ditu. Abenduan jarri zuten martxan aterpea txukuntzeko ekimena, eta gurasoek, ikasleek eta herriko eragileek osatutako batzordeak horma-irudia egitea erabaki eta adostu zuen Mutikokristal-ekin, eta proposamenak eskolako ikasleekin kontrastatu zituzten. Dagoeneko amaituta daude bi irudiak, eta Aramaixo Herri Eskola "oso pozik" dago emaitzarekin, baita batzordearen prozedurarekin ere: "Oso txukun geratu da. Eskolako beste irudi bat daukagu, behintzat".
Auzolana izan da prozesuaren parte, eta aurrez, bi paretak zuriz margotu zituzten eskolako kideek; eta ostean ere aritu dira paretak txukuntzen. Orain, asmoa da eskolako beste horma batean Aramaixo Herri Eskolako logoa margotzea Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean. Eskolakoek aurreratu dutenez, pintura zati bat Aramaioko Udalak ordainduko du; bestea, eskolak.
Natura protagonista
Mutikokristal-ek dioenez, eskolako zuzendaritza artistarekin jarri zen harremanetan, batzordeko kideren batek bazuelako aretxabaletarraren lanaren berri. Adierazi du bilera batean adostu zutela muraletan zer agertzea nahi zuten. "Zerrenda bat egin zidaten haiendako garrantzi handien zuten elementuak azpimarratuta", dio. Irudiei erreparatuta, ikus daiteke gai nagusia natura dela, eta horma-irudietako batean sai zuriak eta arreak agertzen dira: "Saiek presentzia handia zuten eolikoen kontuarekin. Babestutako espezieak dauden zona da, eta saien sinbolismoari eman diot garrantzirik handiena".
Hurrengo pausoa izango da eskolako logoa horma batean margotzea ikasleen artean
Bigarren murala "ezberdinagoa" dela iruditzen zaio egileari. Bi zirriborro aurkeztu zizkion batzordeari: "Bata zen amuarrain bat. Tematika antzekoarekin jarraitu nuen: natura errespetatzea, naturaren garrantzia, errekak ez zikintzea...". Bigarrena hautatu zuten, ordea. Urtaroak sinbolizatzen dituen kolore berdeko, horixkako eta marroiko hiru hosto agertzen dira, eta "bizitza zelakoa den" adierazi nahi izan du: "Ziklo bat da, eraldaketa, eboluzioa. Goian ilargiaren fase ezberdinak egin nituen. Iruditu zitzaidan bazela eskolarendako eta umeendako didaktikoa izan daitekeen gaia. Haiek ere ziklo baten parte dira –haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa–; guztiarekin lotura edukitzea nahi nuen".
Hilaren 12an ekin zion espraiz egindako muralak margotzeari. Lau egun behar izan ditu saien obra ontzeko; urtaroena, berriz, egun batean egin zuen.
Emaitzarekin "gustura"
Aparteko esperientzia izan da Mutikokristal-endako Aramaixo Herri Eskolako muralak margotzea. "Ikasleen poza ikusteak asko bete nau. Gelatik atera eta korrika etortzen ziren ikustera zenbat aurreratu nuen murala. Haien maitasun guztia sentitzea oso ederra izan da", aitortu du.
Era berean, eskerrak eman dizkie handik pasa direnei, haur guztiei eta baita posible egitea lortu duten guztiei ere.
Aramaioko pintaketak
Behin baino gehiagotan agertu dira herrian paretak pintaketekin, eta horretaz ere eman du iritzia Mutikokristal-ek; izan ere, batzuentzat "artelana" dena beste batzuendako "bandalismoa" izan daiteke. "Denok hasi gara zelanbait, eta ez badaukazu tokirik praktikatzeko, azkenean, zure tokiak topatzen dituzu; askotan, egokienak ez direnak. Orduan, herriko txoko batean pintaketak egitea onartzea edo herritarren esku uztea ideia ona iruditzen zait", uste du aretxabaletarrak.
Hala, duela hilabete, Aramaioko Udalak jakinarazi zuen eskolako aterpea txukuntzeko batzordeko kide batek egindako proposamena aztertzen ari zela Udal Gobernua. "Kiroldegiko atzeko pareta –egituratzailea eta konposta biltzen den gunera ematen duen aldea– grafiti edo arte adierazpen eremu libre izendatzea, hain zuzen ere. Hau da, pareta hartan margoak egitea baimentzea", zioten argitaratutako oharrean. Aldi berean, gogorarazi zuen herriko edozein horma margotzea ez dagoela baimenduta.