Jokin Onaindia: "Egia esatearren, ez nuen irabaztea espero"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 30a, 11:11

Jokin Onaindia, zapatuan irabazi zuen txapelarekin. (Argazkia: J.O.).

Duela bost urte hasi zen Aramaioko bertso eskolan, eta Arabako Eskolarteko txapelduna da; Euskal Herriko finalera begira ez dauka "helburu zehatzik".

Arabako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen zapatuan Aramaion Jokin Onaindiak (Aramaio, 2009), eta Euskal Herriko Eskolarteko finala jokatuko du ekainaren 14an, Arantzan.

Hasi aurretik, zorionak! Txapela eskuratzea espero zenuen?

Eskerrik asko. Egia esatearren, ez zegoen nire planetan irabaztea. Nire lehen finala zen eta bazeu- den bertsolari batzuk final batean kantatuta zeudenak. Ez nuen espero, baina oso pozik nago.

Zelan ikusi zenuen zeure burua?

Ariketa gehienetan oso ondo. Ondoen, puntu erantzunetan, esango nuke, eta ahulen, hitza emanda bertso bat egitea.

Finala Aramaion jokatzea presioa edo abantaila izan zen?

Bertsotan hasi aurretik urduri egongo nintzela uste nuen, saioa herritarren aurrean egiteagatik, baina oholtzara igo nintzenetik aurrera oso gustura egon nintzen eta guztia bikain atera zen. Oso gustura abestu nuen.

Agurreko bertsoan maila geroz eta handiagoa zegoela zenioen.

Urtez urte jende berria sartzen da eta beste batzuk joan egiten dira. Lehen zurekin abestu zuten horiek entzuten dituzu eta, agian, maila handiagoa daukate. Hor igarri nuen diferentzia handia.

Ekainaren 14an, Arantzako Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketako finalean izango zara; zein aurreikuspen dituzu?

Badaukat gogoa abesteko, baina ez daukat helburu zehatzik. Ahalik eta ondoen abestu nahi dut, eta ahalik eta ondoen pasatu. Asteburu polita izaten da.

Noiz hasi zinen bertso eskolan?

Duela bost-sei urte, esango nuke, LH-5en. Egon zen uneren bat motibazio gutxiago nuena, baina orain, azken urteetan, gogo handia daukat.

Eta zer motibatu zaitu?

Oso lagun garen hiru joaten gara, eta irakaslearekin ere erlazio oso ona daukagu. Gogo handiarekin joaten naiz, dinamikoa izaten da, eta, konfiantza daukagunez, erosoagoa eta errazagoa izaten da.

Aramaioko bertso eskolatik atera dira bertsolari onak; baduzu erreferenterik?

Oraintxe bertan, nire erreferentea Peru Abarrategi izango litzateke. Lehenagotik nire irakaslea izandakoa da. Asko poztu nintzen Arabako finala irabazi zuenean.

Arabako Eskolarteko finala, Aramaion

Aramaioko kultur etxean jokatu zen, zapatuan, 30. Arabako Bertsolari Gaztetxoen Eskolarteko finala, eta han nagusitu zen Jokin Onaindia. Harekin batera aritu ziren kantuan, Anitz Abarrategi, Garai Agirre, Jokin Onaindia, June Astegieta, Maia Ortiz de Zarate eta Urko Lafuente. Onaindiarekin batera, Euskal Herriko finalean June Astegieta izango da. 

Aramaion jokatu zen finaleko talde-argazkia. (Argazkia: bertsozale.eus).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak