Musika Astea, hilabete aldaketarekin bueltan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 27a, 12:38

Aramaioko Musika Eskolako ikasleak, ikasturte amaierako emanaldian, iaz. (Argazkia: Aramaioko Musika Eskola).

Iazko etenaren ostean berrartu dute Musika Astea Aramaion, herritarren eskariz; maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartean, kontzertuez, jaialdiez eta dokumentalez gozatzeko aukera egongo da herriko hainbat txokotan; kasu gehienetan, doan.

Maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartean, Musika Astea ospatuko dute Aramaion, Anbotoko Doinuak Elkarteak, Alaiak Jubilatuen Elkarteak, Ikusiz Gozatu zineklubak eta Aramaioko Udalak antolatuta. Egun horietan, hitzaldiez, kontzertuez eta ikus-entzunezkoez gozatzeko aukera egongo da Aramaion.

Gorbeialdeko Kultura teknikari Itxaso Aspiazuk aurreratu duenez, 2015ean antolatu zuen lehendabizikoz ekimena Anbotoko Doinuak Elkarteak, baina egiteari utzi, eta iaz, esaterako, ez zen egin. Hala, herritar batzuek eskatuta, Musika Astea berreskuratu dute.

Musika Astearen helburua da musika sustatzea eta musikarekin lotura duten herriko elkarteek parte hartzea. Horregatik, askotariko musika motak eta eragilek erakusgai jarriko dituzte. Egitaraua osatzeko orduan aurreko urteetako egitaraua kontuan hartu dutela dio Aspiazuk.

Lehen hitzordua, hilaren 30ean

Datorren egubakoitzeko bi hitzorduak nabarmendu ditu Kultura teknikariak, eta biek ere lotura izango dute Bob Dylanekin. 17:30ean, osoko bilkuren aretoan, Highway 61 Revisited-Bob Dylan: Poesiaren iraultza rock&roll-era eman zuen koblakaria hitzaldia egingo du Joserra Domingo musika adituak.

Ostean, 19:00etan, kontzertu akustikoa emango du Gernikako Audience taldeak, Sastiñan. Taldearen estudioko Bob Dylan berrikusia izeneko azken lanean abeslariaren musika landu dute, eta, "jatorrizko bertsioak antzematen diren arren, Audience taldearen begirada nabaria da".

Bittor Kapanagari keinu

Ekainaren 7an, 19:00etan, "kontu kantari" arituko dira Xabier Amuriza, Gontzal Mendibil eta Joseba Sarrionandia, Aramaioko kultur etxean, Bittor Kapanaga: izena eta izana lanarekin. "Ondo ezagutzen zuten Amurizak, Sarrionandiak eta Mendibilek, eta, kontuka eta kantuka, nor zen Bittor, ze ekarpen ugari ekarri zizkigun azalduko digute". Sarrera hiru eurotan eros daiteke Internet bidez.

Alabaina, emanaldi horiez gain, Musika Eskolako ikasleen ekitaldiaz, Alaiak Kantuak-en kantu-jiraz, elizan egingo den Arabako Organo Festibalaz eta Itoitz udako sesioak dokumentalaz gozatzeko aukera egongo da. Antolatzaileek parte hartzeko dei egin diete herritarrei.

Musika Asteko egitaraua

Hauxe da maiatzaren 30etik ekainaren 8ra antolatu duten egitaraua:

Maiatzak 30

  • 17:30 Joseba Rodrigoren hitzaldia, osoko bilkuren aretoan.
  • 19:00 Audience taldearen kontzertu eta akustikoa, Sastiñan.

Ekainak 1

  • Goizean, Gorbeialdea Musikaz Blai: Gorbeialdeko Musika Topaketa.

Ekainak 4

  • 18:00 Musika Alaiak kantuan: emanaldia eta kantu-jira.

Ekainak 5

  • 18:00 Musika Eskolako ikasleen emanaldia, kultur etxean.

Ekainak 6

  • 19:00 Arabako Organo Festibala: organo kontzertua, elizan.

Ekainak 7

  • 19:00 Bittor Kapanaga: izena eta izana (Xabier Amuriza, Gontzal Mendibil eta Joseba Sarrionandia), kultur etxean.

Ekainak 8

  • 19:00 Itoitz udako sesioak dokumentalaren proiekzioa, kultur etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak