Bihar hartuko du Andramari ermitak Eguzkierripa Rock Jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Iaz berrartu zuten moduan, egun osoko egitaraua antolatu dute, eta hitzaldiarekin hasiko dute jaialdia, 12:30ean, ermitan. Estatuaren aparatu polizialak izango dituzte berbagai Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako bi kidek. Antolatzaileek aurreratu dutenez, poliziaren funtzioak aztertuko dituzte, eta azalduko dute "eredua bera ez dela arazoa".
Bazkaria 14:00etan egingo dute, eta atzora bitartean eros zitezkeen txartelak. Astekari honen itxierarako, oraindik salmentan zabalik zegoen, eta, horrenbestez, antolatzaileek ez zuten bazkarian izango den herritarren kopuru zehatzik, baina aurreratu dute "giro polita" egongo dela.
Kontzertuekin, ginga
Egitarauko momenturik gorena kontzertuena izaten da, ermitako oholtzan jotzen baitute taldeek. Aurten, bost talde arituko dira, 20:00etan hasita: Lee Kore, Irten-Bide, Hoben, Bellum eta Oihu!. Oñatiko Lee Kore taldea bi urteren ostean itzuliko da Eguzkierripara. "Ematen duenez, gustura egon ziren eta berriro ere bueltan datoz", diote. Doako kontzertuak dira.
Herriak herriarendako sortutako jaialdia dela adierazi dute antolatzaileek
Eguzkierripan parte hartu duten talde guztien konpromisoa eskertu du antolakuntzak: "Aurrekontu murritza daukagu; Eguzkierripak beti eduki izan du talde guztiei berdin ordaintzearen filosofia. Beti eskertzen dugu taldeek duten konpromisoa herri txikiek antolatzen dituzten jaialdi txikietara etortzeko, beste leku batean askoz gehiago ordaintzen diete eta".
Erreleboa, berrikuntza
Aurtengo edizioa antolatzeko belaunaldi aldaketa izan da antolakuntzan, eta aurten Aramaioko Gazte Asanbladak antolatu du: "Aurtengo Eguzkierriparen berrikuntza da antolaketa taldearen erreleboa. Duela hiruzpalau urte Eguzkierripa antolatzeko sortu zen autonomia zuen batzordea; aurten, erreleboa eman gura zuen, eta berriro ere asanbladara itzuli da. Egonkortze puntuan dagoen asanblada da. Azken urteetan belaunaldi-errelebo bortitza izan da. Jende gazte asko gara, gogo handiz gauzak egiteko".
Herriak herriarendako sortutako jaialdia da: "Kultur eskaintza zabaldu guran, halako gauzak antolatzen ditugu. Asanbladaren helburua da Aramaion aisialdia zabaltzea eta gazteendako bertan geratzeko arrazoia egotea. Normalean, Arrasatera jaisten gara, eta polita izaten da guretzat kanpotik jendea etortzea, normalean alderantziz izaten da eta".