Lurraren defentsa aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak Aramaion egindako geldialdian

Gontzal Belategi Zubia 2025ko mai. 10a, 15:47

10:00etan Bardeetatik irten eta Aramaio izan du lehen geraleku Emakumeen Mundu Martxak. Bertan, lurraren defentsaren aldeko borrokan berretsi dira, kantu eta bertsoz jantzitako ekintza batekin.

Bost urtetik behin antolatzen dira Emakumeen Mundu Martxaren baitako nazioarteko ekintzak. Honen baitan, gaur, zapatua, Euskal Herri osoa zeharkatzen dabil Emakumeen Mundu Martxa herrien burujabetza eta bizitza duinak”aldarrikatzeko. 10:00etan Bardeetatik irten da eta Aramaio izan du lehen geraleku. Txalo zaparrada batekin hartu dute herrian martxa osoa egiten dabilen furgoneta.

Makroproiektuen aurkako ekintza

Emakumeen Mundu Martxak, Aramaioko Talde Feministak eta Euskal Feministak Lurraren Defentsan taldeek elkarrekin antolatu duten ekintza nagusia Matxain kaleko ortu batean egin dute, eta lurraren defentsaren aldeko aldarriak izan dira nagusi. Bertan, makro-proiektuek herri-lurren eta elikadura burujabetzaren aurka duten eragina salatu dute, kantu eta bertsoz lagunduta.

"Aramaiotik azpimarratu nahi dugu lurraren kontrako erasoak gure gorputz indibidual zein kolektiboen kontrako erasoak ere badirela. Indarkeria mota honek bizitza sostengatzeko ezinbestekoak zaizkigun lurrak xehatzen ditu multinazionalek bultzatutako makro-proiektu espekulatzaileak ezartzeko, natura jabetza bihurtu eta pribatizatuz, eta baliabideenganako gerrak piztuz", adierazi dute antolatzaileek ekitaldi amaierako hitzartzean.

Euskal Feministak Lurraren Defentsaneko kide den Maite Segurola Garmendiak adierazi du berezia martxak Aramaion geldialdia egin izana berezia dela: "Guretzat Aramaiok sinbologia berezi bat du. Landa eremuko herri bat izateaz gain, hemen proiektu txikitzaileak bizkar gainean izan direlako eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun horrelako zerbait horrelako leku batean egitea". Aramaiotik, Gernikarako bidea hartu du martxak, eta bidea Donostian amaituko du manifestazio batekin.

Ekintzaren balorazio positiboa egin du Segurolak: "Oso pozik nago ekitaldiak utzitakoarekin. Ez da borroka oso sonatua, ezta ikuspegi feministatik ere. Agenda daukagun moduan dugu Euskal Herrian, eta horrenbeste pertsona gerturatu izana, eta kontuan hartuta furgoneta orain Gernikara doala, babes handia jaso dugula esango nuke".

Borroka ezberdinak uztartuz

Burujabetza eta bizitza duinak aldarrikatzeko orduan, borroka ildo ezberdinak uztartu ditu Emakumeen Mundu Martxak. Bide horretatik, feminismoa borroka ezberdinekin uztartzearen garrantzia aipatu du Euskal Feministak Lurraren Defentsaneko kideak, kasu honetan, ekologismoarekin uztartzearen garrantzia: "Feminismoak daukan berezitasuna da hori, ikuspegi feminista edozein borrokatan aplikatu daitekeela. Kasu honetan ere ikusten dugu tradizionalki baserriari lotutako transmisio lana emakumeok egindakoa izan dela, baina hala ere, landa eremuan bada oraindik emakumeek lortu beharreko eskubide asko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak