Enrike Axpe aramaioarra hil da, herriko pilotari gazteen entrenatzaile izandakoa urte askotan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 16a, 13:43

Fernando Aspiazu, ezkerrean; Axpe, eskuinean. (R.M.).

Enrike Axpe Elejalde pasa den apirilaren 9an hil zen 73 urte zituela. Ibilbide oparoa egin zuen kirol mailan, BAREA Aramaioko pilota elkartea sustatuz eta ondoren entrenatzaile lanetan.

1986 urtean eratu zen Aramaioko BAREA elkartea eta ondorengo urteetan herriko mutil askok ikasi zuen pilotan berarekin, baita iaz zendutako Fernando Aspiazurekin ere. Hainbat ordu igaro zituen herriko frontoian eta ardura bizia zuen pilotaren zaletasuna herrian zabaltzeko.

Alfonso Del Campo aritzen da orain pilota elkartean eta hark azaldu du, momentu asko konpartitu zituela Axperekin: "Nire ustez, oso pertsona garrantzitsua izan da herri mailako kirol arloan eta egun hauetan, bere heriotzaren harira, berarekin ibilitako gazte batzuekin komentatu dut zein garrantzitsua izan zen garai hartan egin zuen lana. Entrenatzailea aste barruan, eta asteburutan antolatzen ziren txapelketetara eramaten zituen gazteak".

Aramaion pilota partidu garrantzitsuak antolatzeko lanetan ere ibili zen. "Araba mailako txapelketako partidu batzuk Aramaion jokatu ziren, eta Diario Vasco txapelketaren barruan ere partidu batzuk hemen jokatu ziren berari esker" dio Del Campok.

Gaztetan pilotari izandakoa

Gaztetan pala motzean aritu zen eta Arabako federazioa ere ordezkatu zuen zenbait partidutan. Aitor Aspe da Enrike Axperen iloba eta gogoan ditu zenbait anekdota; besteak beste, Zumaian bizitakoa: "Behin torneo bat ikusten joan zen abuztuan Zumaiara eta pilotari baten faltan, bera atera zuten frontoira jokoan. Baita irabazi ere!! Sorpresa ederra hartu zuten etxekoek, koparekin agertu zenean".

Pilotarekiko afizioa bizirik mantendu zuen betidanik eta izugarri disfrutatzen zuen pilota partiduak ikusten "batez ere, pelotari gazteak ikusten disfrutatzen zuen; horixe izan baizen bere ardura betidanik: herriko gazteen artean pelotarekiko afizioa sustatzea" dio Aspek.

Axpe, ezkerrean, eskutan pala duela. (Argazkia: R.M.).

Fernando Aspiazu gogoan

2024ko azaroan hil zen Fernando Aspiazu ere gogoan dute pilota elkartean, izan ere urte askotan Axpe eta biek bultzatu zuten BAREA pelota elkartea. Fernando frontoian ez ezik, tramite burokratikoak egin behar zirenean fin aritzen zen elkartea aurrera ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak