Pinto Pintto taldeak irabazi du Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 6a, 11:20

Ezkerretik eskuinera: Amilburu, Antia, Zaldua, Iturriotz eta Samaniego. Irudia: Kuadrillartekoa.

Paula Amilburu, bertsolari aramaioarra, da taldekideetako bat, eta alboan izan ditu Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Amaia Iturriotz.

Urtarrilaren 18an hasi zen Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketa. Hamalau bertso egun izan dituzte txapelketak iraun duen artean, eta lau finalerdi, tartean. Hamalau taldek hartu dute parte guztira, eta dozenaka izan dira parte-hartzaileak. Atzo, hilaren 5ean, jokatu zen finala Gasteizen, eta Pinto Pintto taldearendako izan zen garaipena.

Hain zuzen, Eskibel jauregiko plazan ekin zioten egunari, finalaurrekoak kantatzera zihoazen lau taldeekin: Lautadako 4 Gara, Gasteizko Pinto Pintto, Aiaraldeako Altubepekoak eta Gorbeialdeko Arlobiko Bardoak. Hainbat plaza eta bertso lan egin ondoren, bazkal aurretik, epaimahaiak erabaki zuen Arlobiko Bardoak –Irati Anda, Manu Bendala, Gari Sarriugarte eta Aitor Jimenez izan dira taldekideak– eta Pinto Pintto taldeak igarotzea finalera.

Bazkalostean izan zen finala, 16:30ean hasita, eta 110 lagun inguru batu ziren. Antolatzaileen hitzetan, "ale ederrak" entzuteko aukera izan zuten hara gerturatu zirenek, eta, azkenean, Pinto Pintto taldearendako izan zen garaipena. Finalean aritutako parte-hartzaileek Unai Gaztelumendik eginiko taldeko karikaturak jaso zituzten oroigarritzat, eta baita izpiliku landarea ere, "Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako kimu berriak loratuko direla islatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak