Euskaraldia 2025

Egubakoitzean aurkeztuko dute hamaikakoa Aramaion

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 7a, 11:31

2018an hamaikakoa osatu zuen Aramaioko taldea. (Argazkia: GOIENA).

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren ediziorako osatu dute Aramaion ere hamaikakoa; hilaren 11n aurkeztuko dute, eta Txirritolak lehiaketa jarri du martxan, pistak emanez, herritarrek hamaikakoan nortzuk dauden asmatu dezaten.

Dagoeneko erabaki dute nortzuek osatuko duten Euskaraldiaren ordezkari izango den hamaika laguneko taldea Aramaion, eta hamaikakoa aurkezteko ekitaldia egingo dute datorren egubakoitzean, hilaren 11n, 19:30ean hasita, herriko plazan. Bertso-eskolako kideak ere bertan izango dira bertsoak kantatzeko.

Txirritola Euskara Elkarteak aurreratu du genero aldetik parekidea dela hamaikakoa, 16 urtetik gorakoa, eta profil askotariko ahobizi eta belarriprest-ak aukeratu dituztela.

Hamaikakoaren lehiaketa

Egubakoitzera arte ez dute argituko aukeratu dituzten hamaika lagunen identitatea, baina, giroa berotzen hasteko eta herritarrei jakin-mina pizteko, lehiaketa antolatu du Txirritolak. Hamaikakoko sei laguni buruzko pista bana eman dute, eta datorren martitzenean beste bostenak emango dituzte. Hala, herritarrek asmatu egin beharko dute hamaikakoa nortzuek osatuko duten, eta erantzunak txirritola@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatu dute. Izen gehien asmatzen dituztenek saria jasoko dute.

Txirritola antolatzaile

Aurtengo edizioa antolatzeko ardura Txirritola Euskara Elkarteak hartu du, eta adierazi dute erronka handia bada ere bide onetik doala. Gorbeialdeko zenbait herritako Euskara teknikari Manex Agirreren laguntza eskertu dute. Herritarrak Euskaraldian parte hartzera animatu dituzte. Aurreratu dute datozen asteetan txapak jasotzeko eta izena emateko guneak jarriko dituztela herrian.

Hamaikakoko pistak

Aramaioko hamaikakoa osatuko duten sei lagunen pistak eman ditu Txirritolak; beste bostak martitzenean argitaratuko ditu:

  • E Euskara ikaslea da eta haren izena O hizkiz hasten da.
  • U Emakumezkoa da eta haren etxeko bat arduratu da urte luzez Aramaio argiztatzeaz.
  • S Tabernaria da eta haren jatorrizko auzoa A hizkiaz hasten da.
  • K Musika du lagun, baita haren anaiak ere. Anaiaren izen artistikoa O hizkiaz bukatzen da.
  • A Herriko abesbatzarekin lotura estua du eta Santa Ageda batzean esperientzia nabarmena du.
  • R Emakumezkoa da eta Aramaioko baserri altuenean bizi da.
  • Orain dela hilabete gutxi EGA euskara ziurtagiria atera du. Bere izenak H hizkia du tartean.
  • Kiroldegiarekin du lotura. Aramaioko auzo batean bizi da.
  • Abeltzaina da. Bere ezizena zuhaitz mota bat da.
  • Duela gutxi, herrira etorri zen bizitzera eta bere izena hizkiaz amaitzen da.
  • A Joan den astean garaipen ederra lortu zuen Aramaioko frontoian. Bere aitaren izengoitia Z-z hasten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak